ELAk mugikortasun eredua eraldatzeko txostena aurkeztu du

Guaixe 2026ko ekainaren 10a

ELAko kideak "trantsizio ekosoziala" aldarrikatzen. UTZITAKOA

Sindikatuak salatu du egungo garraio eredua energia fosilen menpekoa, gizarte desberdintasunetan oinarritua eta ingurumenaren ikuspegitik jasanezina dela.

Ingurumenaren Nazioarteko Eguna hilaren 5ean izan zen. Hori zela eta, mugikortasun ereduaz hausnartzeko ekitaldia antolatu zuen ELAk Altsasuko Iortia kultur gunean. Mahai inguruan Euskal Herriko Unibertsitateko David Hoyos irakasleak eta Sakana Trenaren Alde eta Subfluviala Ez! plataformetako kideek hartu zuten parte eta 300 militanteren aurrean aritu ziren. 

Ekitaldi berean ELAk ‘Mugikortasun eredua eraldatuz trantsizio ekosozialerantz’ txostena aurkeztu zuen. Sindikatuko kideek azpimarratu zutenez, "krisi klimatikoari aurre egiteko eta trantsizio ekosozial justua bermatzeko egungo eredua aldatzeko premia larria dago". Txostenaren arabera, garraioa da gaur egun energia gehien kontsumitzen duen sektorea bai euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) bai Nafarroan, %48 eta %40ko kontsumoa hurrenez hurren. Gainera, EAEn garraioak kontsumitzen duen energiaren %94,7 petroliotik dator oraindik.

Salaketak
ELAko kideek salatu zutenez, "politika publikoek garraio publikoa indartu beharrean, azpiegitura handien eta inpaktu handiko proiektuen alde egiten jarraitzen dutela, hala nola
Subflubiala, Supersur edo AHT". Ainhara Plazaola ingurumen arloko arduradunak kritikatu zuenez, "azpiegitura hauek milaka milioiko inbertsioak dituzte, ibilgailu pribatuaren erabilera sustatzen dute eta eraikuntza enpresa handien interes ekonomikoei erantzuten diete, gizarteko benetako beharrei baino".

Txostenak genero eta gizarte desberdintasunetan jarri du arreta. Izan ere, "erosahalmen
txikia dutenak, emakumeak eta migranteak dira garraio publikoa gehien erabiltzen
dutenak. Dirusarrera altuak dituztenek, berriz, neurri handiagoan erabiltzen dute ibilgailu pribatua eta aztarna ekologiko handiagoa sortzen dute". Zentzu horretan, ELAko kideek
zalantzan jarri dituzte auto elektrikoak erosteko laguntza publikoak, "erosahalmen handiena dutenei egiten dietelako mesede".

Proposamenak
Sindikatuko kideek administrazio publikoei eskatu zieten gizartearen gehiengoaren beharrak mugikortasunaren politika publikoen erdigunean jar dezatela. ELAkoek zazpi proposamen nabarmandu zituzten. Aurrena, garraio publikoan inbertsioa handitzea. Hurrena, maiztasunak eta konexioak hobetzea, bereziki hiriguneetatik kanpo. Aldi berean, garraio publikoan deskontuak eta doakotasuna mantendu eta zabaltzea. 

Horiekin batera, ELAkoek proposatu dute garraio modalitate guztietarako txartel bakarra behin betiko ezartzea. Gainera eskatu dute garraio publikoaren elektrifikazioa lehenestea ibilgailu pribatuaren aurrean. Sinsikatuaren proposamena da "tokiko ekonomia indartzea, salgaien garraioa eta energia mendekotasuna murriztuz". Azkenik, enpresetan eta industrialdeetan mugikortasun planak bulkatzea proposatu du.