Astekaria

Galdakaoko Ganguren mendi klubak Altsasuko Mendigoizaleei harrera egin zien

Maider Betelu Ganboa 2026ko ekainaren 17a

Altsasuko Mendigoizaleak taldekoak, Galdakaon. UTZITAKOA

Altsasu eta Galdakao herriak senidetu ondoren, bi klubek mendi martxa egin zuten Galdakaon

Altsasu eta Galdakao herriak senidetu dira. Lotura hori sendotzeko Altsasuko Mendigoizaleak eta Galdakaoko Ganguren mendi taldeak elkarrekin mendi martxa bat egitea adostu zuten. Horrela, larunbatean Altsasuko mendi klubeko ordezkaritza batek Galdakaoko bidea hartu zuen, bertan Mozoilo Eguna ospatzen zela probestuta.

Trintxeretan
Galdakaoko alkateak altsasuarrei harrera beroa egin zien, eta segidan bi klubek inguruko mendietako ibilbideari ekin zioten. Tartean, Gerrate Zibilean Eusko Jaurlaritzak jasotako sigi-saga itxurako Burdin Hesiko trintxerak edo lubakiak bertatik bertara ikusteko aukera izan zuten. 10,5 km inguruko mendi martxa egin zuten mendizaleek, eta bukaeran bazkaltzera bildu ziren. "Indarrak berreskuratzeko makarroiak eta solomoa piperrekin, ezin hobe" azaldu du Altsasuko Mendigoizaleak klubeko Jesus Gineak. 

Urtebete barru, Altsasun
Datorren urtean galdakarrek bisita bueltatuko diete altsasuarrei. "Datorren urtean guri dagokigu bisita antolatzea. Ildo honetan, Altsasuko Udala eskertu nahiko genuke, Galdakaora joateko autobus zerbitzua eskaini zigulako. Eta, bereziki galdakarrei, egindako harrerarengatik. Sekulakoa izan zen". 

Udako irteerak prestatzen
Ekaina bukatuta mendizaleen ohiko egutegiek atseden hartzen dute udan. Sakanako Mendigoizaleak taldeak ekainaren 21ean uda aurreko azken irteera egingo du, Ezkaraira, eta irailera arte festa hartuko du. Udako irteeren txanda da orain. Urtero bezala, Larrañeta mendi taldeak Pirinioetara irteera egingo du, uztailean. Informazioa jaso eta izena emateko epea zabalduko da aurki.