Astekaria

Olatz Azazeta, Nafarroako Ultra Trail Txapelduna EHko Mendi Erronkan

Maider Betelu Ganboa 2026ko ekainaren 18a

Olatz Azazeta Pelaez, Euskal Herriko Mendi Erronkan ahalegin betean. EHME

Altsasuarra Leitzako 67 km-ko ultra trailean bigarren iritsi zen helmugara, arazoak tarteko, lehen nafarra. Aurreikusitako denbora nabarmen hobetu zuen eta Nafarroako Ultra Trail txapelduna pozarren dago

Ekainaren 6an XII. Euskal Herriko Mendi Erronka (EHME) jokatu zen Leitzan, Aralar inguru menditsu ikusgarrian barrena jokatutako 67 kilometro eta 7.200 m+ desnibeleko ultra traila. Lasterketa, aldi berean, Nafarroako Banakako Ultra Trail Txapelketa zen. Lasterketa banaka edo erreleboka egin zitekeen, azken hau emakumeen parte hartzea sustatzeko, kideetako batek emakumea behar zuelako izan. 73 bikotek hartu zuten irteera, eta horietatik 67k osatu zuten proba; 6 erretiratu ziren. Banakakoan, 277 korrikalarik osatu zuten proba, eta 57 erretiratu ziren. Bi probetan, 480 korrikalari guztira. 

Sakandarrak, ederki
EHME Leitzatik abiatu zen larunbatean, 8:00etan. Pagozelai, Gaintza, Hirumugarrieta, Albi, Putzuzar, Iribasko iturburua, Lekunberri, Ireber eta Leitza gainditu behar izan ziren. Borja Zubizarreta azkoitiarrak sei ordu eta erditan osatu zuen proba (6:31:18). Ia 8 minutu atera zizkion Imanol Kañamares berriozartarrari (6:39:00). Kañamares da, bada, Nafarroako Ultra Trail txapelduna. Lehen sakandarra Alvaro Legarra izan zen, sailkapenean 69. (8:53:49). Iñaki Morillas 210. sailkatu zen (11:00:26). Patxi Rubiok, Ander Ericek eta Gaizka Angulok ezin izan zuten ultra traila bukatu. 

Emakumezkoetan, Naroa Uria azpeitiarra iritsi zen lehena (8:05:17). Ia 7 minutu beranduago sartu zen Olatz Azazeta altsasuarra (8:12:00), lehendabiziko nafarra, eta, hortaz, Nafarroako Ultra Trail txapelduna. 

Erreleboetan Paula Alberdi eta Arriola gailendu ziren (7:29:08). Sakandar dezente aritu ziren erreleboetan. Aizea Beraza eta Xabier Lasaga Top10ean sailkatu ziren, zortzigarren (8:03:23), Joxeja Maiza eta Maite Zabaleta hemezortzigarren (8:37:09), Amaia Razkin eta Ariane Razkin 29. (9:09:29), Oihana Ganuza eta Eneko Razkin  48. (9:58:45), Amaia Etxeberria eta Roberto Martil 63. (11:19:49) eta Asel San Vicente eta Arantxa Jungitu 67. (12:38:05). Nekane Huartek eta Jabier Larraiozek ezin izan zuten proba bukatu. 

Olatz Azazetaren erronka
Olatz Azazeta Pelaezek gorriz markatuta zuen EHME. "Ultra trailaren astean lanketa polita egin nuen, baina asteazkenean, urduritasunagatik tripetako arazoak izan nituen. Ongi elikatzen saiatu nintzen, eta lasterketa egunera nahiko ongi iritsi nintzen". 

Lasterketa ederki hasi zen altsasuarrarendako. "Naroa Uriak eta biok batera egin genituen lehen 7 km-ak, gustura, erritmo bizian, nire denboren barruan". 67 km-ko traila 8 ordu eta erdi eta 9 orduren bueltan egitea espero zuen Azazetak. Lehen hornidurara, Pagozelaira, Uria baino minutu erdi lehenago iritsi zen, aurreko jaitsiera teknikoan aurrea hartuta. "Hirumugarrietako igoera edo km bertikala praktikoki elkarrekin egin genuen, bata bestearen atzetik, elkarri animoak ematen. Lasterketa luzea da, eta burua hotz mantendu beharra genuen". 

Olatz Azazeta: "Egindako denbora, Nafarroako Ultra Trail txapelduna... Oso pozik nago"

Putzuzarren, lehena
Hirumugarrietatik Albirantz jaisterakoan Olatz Azazetak aurrea hartu zuen. "Albira minutu eta erdiko aldearekin iritsi nintzen, eta Putzuzarrera, 3 minutukoarekin, nire denboretan aurreikusten nuena baino 12 minutu lehenago. Putzuzarrera 4 ordu eta 18 minututan iritsi nintzen; oso ongi nindoan". 

Putzuzar ibilbidearen erdia zen. "Nire buruari etengabe galdetzen nion ea lehen postu hori mantentzea merezi nuen. Lasterketa batean halako pentsaerak suerta daitezke, ez da arraroa. 8 orduko lasterketa batek gauza askotan pentsatzeko denbora ematen dizu, zure buruari kalte egiteko ere bai. Nolanahi ere, burua hotz mantentzen saiatu nintzen, oraindik asko geratzen zelako, eta ultra batean 3 minutu ez dira ezer".

Arazoak
Putzuzarretik beherako jaitsieran arazoekin hasi zen. "Berriz ere tripako mina, ia-ia ezin korrikarik egin. Jaitsiera tekniko bat zen, eta ez zuen korrika bizi-bizi egiteko aukera handirik ematen. Traileko 45. kilometrora, Lekunberrira, 3 minutuko aldearekin iritsi nintzen, baina Lekunberritik Leitzara bitarteko 15 km-ko tarte horretan korrika asko egin daiteke, bai goraka bai beheraka. Oso zati bizia da, hanka onak baldin badituzu eta lasterketa ongi kudeatu baduzu tarte horretan oso azkar egin dezakezu korri". Azazetak tripako minekin jarraitzen zuen, "eta arazo fisikoekin, korrika handirik ezin egin, botaka... Jaten eta edaten saiatu nintzen, baina gorputzak ez zidan onartzen". Atzetik zetorren Naroa Uriak harrapatu egin zuen. "Uste dut 53. kilometroan izan zela, gutxi gorabehera. Ireber igotzen harrapatu ninduen. Sekulako erritmoa zekarren, ni ezin jarraitu ibili nintzen eta hor bai jabetu nintzela tripen arazoarengatik lasterketa pixka bat joaten zitzaidala". Nolanahi ere, aurrera egin zuen altsasuarrak. "Hortzak estutu, eta Ireberrera igo nintzen, bigarrena nintzela eta hirugarren emakumearekin aldea mantenduz. Iriberretik behera 10 km inguru dira, asko korrika egitekoak. Minduta, baina ahalik eta hobekien mantentzen saiatu nintzen. Ezin izan nuen Naroa harrapatu, sekulako erritmoa hartu zuelako. Azkenean, 8:12:00 denborarekin iritsi nintzen, aurreikusitakoa baino hobe". 

Altsasuarrak garaipena lortzeko aukera izan zuen, baina lortutakoarekin pozik dago. "Denboraren aldetik, oso-oso pozik nago egindako lanarengatik. Egia da hilabete hauetan ezin izan dudala nahi bezain beste entrenatu, baina lanketa polita egin dugu. Asko poztu nintzen Naroak garaipena lortu zuelako. Korrikalari bikaina da, sekulako lasterketa egin zuen, denbora ezin hobearekin, eta merezi zuen. Bigarrena, eta Nafarroako Ultra txapelduna izateak asko pozten nau". 

Pozik, eta eskertuta. "Familia eta lagunak izan nituen Leitzan eta hornidura puntu ezberdinetan laguntzen. Inoiz baino eskertuagoa nago. Hau oso lasterketa berezia da guretako, Nafarroan korrika egitea, eta Aralarren, gure ingurugiroan, berezia delako. Gainera, korrika egiteko eguraldi ezin hobea atera zen. Ezin da gehiago eskatu, eta lortutakoarekin pozik nago".