Barranka Txirrindulari Taldeak mimo handiz prestatutako 29. Altsasu BTT Zeharkaldian izena eman zuten bikerrek ekainaren 14an osatu zuten ibilaldi ez lehiakorra. Bi distantzia zituzten aukeran, Ibilbide Luzea (53 km, 1300m+) eta Ibilbide Motza (43 km, 780m+). Ibilbideen diseinuan Ruben Claver Iglesias altsasuarrak zeresan handia izaten du.
Noiz hasi zinen BTTan?
Bizitza guztia daramat kirola egiten. Txikia nintzela futbolean, korrika, mendian, eskalatzen, bizikletan... denetatik pixka bat. Gaztetan festa giroa nahiago izaten da, baina urteak aurrera egin ahala beste lehentasun batzuk sortzen dira. Duela bospasei urte txirrindularitzan hasi nintzen gehiago, mendi txirrindularitzan eta errepidean. Denetatik probatu ondoren gehien gustuko duzuna aukeratzen duzu, edo hobeki doakizuna.
Barranka Txirrindulari Taldeko Julian Claverren semea izateak ere pisua izango du, ezta? Aitak Altsasu BTT Zeharkaldiaren ardura izan zuen urte askotan eta biker amorratua da.
Etxean bizi izan dudanez agian eragina izango zuen (kar-kar).
Bizikletan gehiago zentratu zinenean zure kabuz hasi zinen edo hasieratik Barranka Txirrindulari Taldearekin egin zenuen bat?
Mendi txirrindularitzan nire kabuz eta lagunekin aritzen nintzen betidanik. Duela bospasei urte 1 motako diabetesa diagnostikatu zidaten. Egunean behin intsulina injektatu beharra dut. Pankreak %70ean funtzionatzen dit, eta kirolak gaixotasuna erregulatzen asko laguntzen dit. Astean zehar neure kasa aritzen naiz gehiago, lana dela eta jendearekin bat egitea zailagoa delako, baina asteburuan taldean ateratzen naiz. Barranka Txirrindulari Taldeak BTT eta errepide sekzioak ditu. Larunbatean errepideko taldearekin ateratzen naiz, eta igandean BTT sekzioarekin. Astez bizpahiru aldiz ateratzen naiz.
Kirola, beraz, zure gaixotasuna kontrolatzeko garrantzitsua da.
Bai. Analisiak egiten dizkidatenean endokrinoak esaten dit pertsona normal batenak diruditela. Elikadura, kirola eta ohitura egokiei esker nahiko ongi daramat. Ongi jaten eta elikatzen irakatsi zidaten. Izan ere, osasunarendako ona dela uste duzuna sarritan ez da horren egokia izaten. Elikadura zer den, jan beharrekoa eta ekidin beharrekoa irakatsi zidaten.
"1 motako diabetesa dut. Kirolak gaixotasuna erregulatzen laguntzen dit"
Ondorioz, txirrindulazale amorratua.
Baietz esan daiteke. Ibiltzen zarenean baina nekatzen ez zarenean hasten zara kirolarekin gozatzen. Beste guztiarekin bezala, orduak sartu eta listo. Ez dago besterik.
Altsasuko BTT Zeharkaldian antolakuntzan lan egitea tokatzen zaizu?
Normalean laguntzen egoten naiz, eta ez proba egunean bakarrik. Zeharkaldiaren ibilbidea nik planteatzen dut. Hiruzpalau aukera prestatzen ditut eta gero guztion artean erabakitzen da zein egin, eta moldaketak egin behar diren ala ez. Ni ibilbideetan zentratzen naiz gehiago, baimen kontuak eta bestelako guztiak Jose Antonio Imazek kudeatzen ditu. Proba egunean ibilbidearen atzean egoten naiz, zintak edo markak biltzen eta jendeari laguntzen. Norbait oso nekatuta ikusten badut, lasterbideak zeintzuk diren erakusten dizkiot, helmugara lehenbailehen iritsi dadin, matxurak edo zulatzeak badaude lagundu... eta halakoak. Biker asko etortzen dira, ibilbidean bidegurutze asko daude eta adi egon beharra dago. Baina aurten ibilbide osoa egin izan nahi nuen, duela asko ez nuelako egiten.

Altsasuko BTT Zeharkaldiko arduradun Jose Antonio Imazek aurtengo ibilbidea zoragarria dela dio.
Aritzalko atzealdetik Etxarri Aranatzera iritsi, eta Kontzezio baselizako bidetik Etxarri eta Bakaiku arteko harrobira heltzen zen. Bakaikura jaitsi, eta Guerra Hermanos fabrikatik Bernoako galtzadara iritsi zen. Luzekoek Bernoa igo zuten, ia-ia Intxusbururaino, eta motzekoek Urdiaingo igerilekuetara jo zuten zuzenean. Han zegoen anoa gune nagusia. San Pedrotik Leku Onarantz jarraitzen zuen bideak, eta harrobia baino lehen dagoen hodi urdinean aukeratu beharra zegoen Motzekoek Orobetik helmugara jo zuten, eta luzekoek Urdalurrerantz egin zuten, Kipular igotzeko. Ziordira jaitsi, eta Cementosen atzetik Altsasura helmugaratu ziren.
"Altsasuko BTT Zeharkaldiak paisaia ederrak ditu, pista eremuak, igoerak... denetatik"
Denetatik duen ibilbidea da.
Eta horregatik da horren polita, pista eremua duelako, bidezidorretatik gora eta behera egin behar delako, harizti eta pagadi ederretatik pasatzen delako... Esango nuke aurtengo ibilbideak aurrekoek baino igoera edo malda gehiago zuela. Ibilbide luzean ia 1400m desnibel + ateratzen ziren. Uste dut inoiz ez dugula horrenbeste egin. Baina aukeratu daiteke: igo nahi ez dutenendako Ibilbide Motza zegoen.
Jendeak gogortasun gehiago eskatzen duelako prestatu duzue horrela?
Batetik asko matxakatzen den jendea dago, eta, bestetik, biker askok bizikleta elektrikoak dituzte eta maldetan botoia sakatuta majo asko doaz. Ahulago daudenak agian ez dira horrenbestera animatzen eta Motza egiten dute. BTTa asko aldatu da. Ez dakit zergatik, baina aurten proba asko bertan behera geratzen ari dira. Esaterako, Otsagiko Irati BTT ezaguna aurten ez da egingo. Eta beste batzuek ere ez.

Boladak izaten dira.
Bai, izan daiteke. Gurean bi aste lehenago ia 300 biker zeuden izena emanda. Jendeak azken unera arte itxaroten du, eguraldi iragarpenarengatik. Gure zifra ideala 400 da, 50 gora edo behera, guztia behar bezala antolatu eta kontrolatzeko primerakoa. Zenbaki polita da.
Bizikletak zer ematen dizu?
Lehen aipatutako kirol eta osasun onurez gain, toki polit eta ezberdinak ezagutzeko aukera. BTTa gehiago da paisaia, igoerak eta jaitsierak. Errepidea, aldiz, distantzia luzeak, egindako kilometro kopurua. Bi modalitateekin asko gozatzen dut, eta ezberdinak direnez, ez naiz aspertzen.
Zer du Altsasuko BTT Zeharkaldiak?
Ezin dugu Otsagiko pagadi ikusgarriarekin lehiatu, baina gure probak paisaia ederra du, harizti eta pagadi politak, guztia berde-berde dago... Jendeari asko gustatzen zaio.
Datorren urtean 30 urte beteko ditu probak.
Bai, eta zerbait berezia eta polita egin beharko dugu, ezta? 30 urte ez direlako egunero betetzen.
