Etxegabetze saiakera baten berri eman dute

Guaixe 2026ko ekainaren 12a

Altsasuko ikuspegia. ARTXIBOA

Familia gehiago egoera berean egon daitezkeelako, "erne" egoteko deia egin dute.

Sakana Harrera Haranako kideek jakinarazi dutenez, etxegabetze saiakera izan zen Altsasun ekainaren 10ean. Sakana Harrera Haranakoek azaldu dutenez, egoera zaurgarrian dagoen eta bi seme-alaba txiki dituen familia da hustu nahi izan zuten etxebizitzan bizi dena. Iturri beraren arabera, "etxebizitza Adania enpresarena da. Enpresa horrek Nafarroan, Araban eta Madrilen alokairurako 2.500 etxebizitza babestu baino gehiago kudeatzen ditu, haietatik 564 Nafarroan". 

Taldeko kideek esan dutenez, "ezin da onartu etxegabetze gehiago egitea Sakanan, are gutxiago babestutako etxebizitzetan. Eta are gutxiago etxegabetutako familiari beste bizileku baliabiderik eskaintzen ez zaionean". Horrekin batera, Sakana Harrera Haranako kideek "erne" egoteko deia egin dute: "posible baita Altsasun egoera berean familia gehiago egotea hurrengo egunetan".