Abiadura Handiko Treneko Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Y eta Nafarroako korridorea non lotu erabakitzeko dago. Ezkio eta Gasteiz dira aukerak, eta bietan trazadura Sakanan barna aurreikusten da. Zein ibilbide aukeratuko den jakiteko, Ministerioak zundaketak eginen zirela jakinarazi zuen. EAEko lehendakari Imanol Pradales Gil Diario Vascok antolatutako foro batean "AHTko lanek duten atzerapen izugarriarekin" kexu agertu zen asteazkenean, garagarrilak 10: "konpon bitez gai teknikoak eta egin bitez etxeko lanak behingoagatik Euskadi abiadura handiara lotura izateko, ezin baikara pelikula honetako ahatetxo itsusia izan". Gaineratu zuenez, "zundaketen emaitzen berririk ez dugu, eta ez dakigu Aralarren zundaketa guztiak egin". Lehendakariak gaineratu zuenez, "loturarik ezak lehiakortasuna kentzen du".
Garraioko estatu idazkaria Jose Antonio Santano Clavero X sare sozialaren bidez erantzun zion, Lehendakariak halakoak esateagatik "harridura" azalduz. Eta Pradalesi eskatu zion Altsasuko alkate eta EAJren Euskadi Buru Batzarreko Javier Ollo Martinezi galdetzeko. Santanok esan zuenez, "bere udalerrian zundaketak egiteko baimena lortzeko zazpi hilabete daramatzagu!"
Erantzuna, eta galderak
Sare bera erabiliz, Ollok Santanori erantzun zion, esanez: "errespetu guztiz, zazpi hilabete daramatzat partzela 'komunal' kontzeptua azaltzen. Lursail horietan zundaketak egiteko eskaeren berri Nafarroako Gobernuari eman zaio, eta zuek txostenak dituzue". Altsasuko alkateak gaineratu duenez, "txosten horietan adierazten da zer prozedura bete behar den jarduera hori egiteko". Azkenik, Ollok Santanori "elkarlanerako borondatea" adierazi dio.
Hika-mika hori dela eta, UPNko Alberto Catalan Higueras diputatuak Espainiako Kongresuan gobernuari zuzendutako bost galdera aurkeztu ditu. Erregionalistak jakin nahi du zundaketen egungo egoera zein den eta zein falta diren egiteko. Catalanek jakin nahi du gobernuak AHTren lotura non eginen den zehazten duen erabakia urtea bukatu aurretik hartuko duen. Lotura erabakitzeko zein irizpide izanen dituen kontuan gobernuak jakin nahi du UPNk. Erregionalistak jakin nahi du egiteko dauden ikerketak egiteko gobernuak zein egutegi duen. Eta, azkenik, Altsasuko zundaketari dagokionez, Catalanek jakin nahi du ministerioak baimenak lortzeko zer pauso eman dituen eta orain arte zein oztopo izan dituen.