Altsasuk Nafar Zentro eta Etxeen urteko 36. jardunaldia hartu zuen larunbatean, garagarrilak 13. Hala, Foru Erkidegotik kanpo bizi diren nafarrek aukera baliatu zuten beraien lurraldera hurbiltzeko eta jai giroan berriro elkartzeko. Guztiei harrera egin zieten Ana Ollo Hualde lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak, Javier Ollo Martinez Altsasuko alkateak eta Ana Notivoli Jimenez Nafar Etxeen Federazio Nazionaleko presidenteak.
Egitaraua Gasteizko San Francisco Javier Nafar Etxeko Jota Eskolak girotutako ongietorriarekin hasi zen. Ondoren, erakunde ekitaldia izan zen, Iortia Kultur Etxean harrera eginez, eta ohiko zapi eta errekonozimendu banaketa eginez. Eguerdian meza izan zen. Ondoren, Altsasura etorri zirenek herria ezagutu eta bertako ostalaritzaren eskaintzaz gozatzea. Azkenik, 14:30ean, herri bazkaria egin zuten Burunda kiroldegian, eta 17:30ean, Duo Imperialen musika emanaldia izan zuten.

Esanak
Ollok esan zuenez, "ohore bat da une hauek gure lurraldetik kanpo bizi zareten baina bihotzean daramazuen nafarrekin partekatzea". Era berean, kontseilariak aukera baliatu zuen Nafar Zentro eta Etxeak osatzen dituzten lagunen garrantzia nabarmentzeko, "gure ohituren eta gure balioez haraindiko enbaxadoreak baitira". Gogoratu zuenez, Nafarroako Gobernuan oso kontziente dira urteroko hitzordu horren garrantziaz.
Ollok, bestalde, Altsasuko Udaleko eta, bereziki, bertako bizilagunen jarrera ona eta abegikortasuna eskertu zituen, ospakizuna prestatzeko lanetan parte hartzeagatik, bai eta Nafar Etxeen Federazio Nazionalak "jai hau bulkatzeko eta mantentzeko urtez urte egindako ahaleginagatik" ere. Bai kontseilariak bai alkateak nabarmendu zuten Altsasu beste pertsonen harrera herria dela.
Ospakizunaz
Jai horrek hasiera batean Nafar Absentearen Eguna izena zuen. 1989an hasi ziren ospatzen eta aurtengoa 36. edizioa izan da. Nafar Zentro eta Etxeen sareak honako hirietan du egoitza: Barakaldo, Bilbo, Gasteiz, Kantabria, Zaragoza, Bartzelona, Valentzia, Valladolid, Burgos, Madril, Sevilla eta Logroño. Urtero etxe edo zentro bat arduratzen da ospakizunaren antolaketaz. Aurtengo arduraduna Kantabria izan zen.