Nafarroako Gobernua estreinakoz Herritarren Arretarako Bulego Mugikorrean errenta aitorpena eman du. Ekimen pilotu horren bidez, foru administrazioak Errenta Kanpainaren aurrez aurreko arreta bulego iraunkorretatik urrun dauden eremuetara eraman du: Zangoza, San Adrian eta Altsasu. Azken horretan garagarrilaren 25era arte egonen da.
Jose Luis Arasti Perez Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria Herritarren Arretarako Bulego Mugikorrean egon zen atzo, garagarrilak 15. Arastik azaldu zuenez, "ekimenak hitzordu guztiak agortu ditu. Zangozan 178 deklarazio egin dira, 150 San Adrianen eta 63 Altsasun. Zerbitzua garagarrilaren 25era arte eskainiko dugu Altassun, beraz, 130 aitorpen gehiago egin ahal izatea aurreikusten dugu", adierazi zuen.
Bisitan, Arastik nabarmendu du Nafarroako Gobernuak zerbitzu publikoak herritar guztiengana hurbiltzeko egin duen apustua. Esan zuenez, "aurten, lehen aldiz, erabaki da zergadunei are gehiago hurbiltzea aitorpena egiteko aukera, batez ere inguruan Nafarroako Foru Ogasunaren bulegorik ez duten herriguneetako bizilagunendako".
Bisitan izan ziren ere Oscar Martinez de Bujanda Nafarroako Foru Ogasuneko zuzendari kudeatzailea, Cristina Aizpun Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergen Kudeaketa Zerbitzuko zuzendaria, Joseba Asiain Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusia eta Jon Iriarte Herritarren Arretarako atalburua.
170.000 aitorpen
2025 Errenta Kanpaina gorabeherarik gabe garatzen dela jakinarazi zuten gobernuko kideek, eta, joan zen urtean baino erritmo biziagoan mantentzen dela. "Hilaren 14ra arte 170.377 aitorpen aurkeztu dira, aurreko kanpainan baino 8.300 gehiago, hau da, ia % 5 gehiago".
Orain arte aurkeztutako aitorpen guztietatik 108.461 online errentaren bidez egin dira, 19.741 aurrez aurre eta 8.364 telefono bidez.
Nafarroako Foru Ogasunak gogorarazi du oraindik hitzorduak daudela kanpainarako prestatutako arreta-kanaletan, eta, beraz, laguntza pertsonalizatua jaso nahi duten zergadunek hitzordua eskatzen jarrai dezakete.