Astekaria

Altsasuko BTT Zeharkaldian, paisaia ikusgarrietan freskotasunaren bila

Maider Betelu Ganboa 2026ko ekainaren 22a

Txirrindulariak paraje zoragarrietan barna ibili ziren.

Ia 300 bikerrek berotzarrari aurre egin zioten Barrankako ibilbide zoragarrian.

Ia 300 mendi txirrindularik parte hartu zuten Barranka Txirrindulari Taldeak ekainaren 14an antolatutako 29. Altsasu BTT Zeharkaldian. Guztiak 9:00etan abiatu ziren Foru Plazatik, eta ordurako beroa zen nagusi. Baina txirrindulariak pasta berezikoak dira, eta zuhaitz eta bidexka artean itzala bilatzen eta ongi hidratatuz, prestatutako ibilbidearekin gozatu ederra hartu zutela nabarmendu zuten bukaeran, nahiz eta esaldi berbera errepikatu: "nolako beroa!". 

Ibilbidea zoragarria zen. Bikerrak Aritzalko atzetik iritsi ziren Etxarri Aranatzera. Kontzezio ermitako bidetik Etxarri eta Bakaiku arteko harrobira heldu ziren, Bakaikura jaitsi eta Guerra Hermanos atzealdetik Bernoako galtzadako bidea hartu zuten. Ibilbide Luzekoak Bernoara igo ziren, ia-ia Intxusbururaino, eta Motzekoek, aldiz, Urdiaingo igerilekuetara jo zuten zuzenean, bertan kokatuta baitzegoen hornidura gunea. Indarrak berreskuratuta, San Pedrotik Sorozarreta eta Leku Onarantz segitzen zuen ibilbideak. Motzekoek Orobetik Altsasuko helmugaraino jo zuten, eta Luzekoek Kipular igo, Ziordira jaitsi eta Cementosen atzetik Altsasura iritsi ziren. Luzean 53 km eta 1.300 m+ atera ziren, eta Motzean 43 km eta 780 m+.

Balorazio on
Altsasu BTT Zeharkaldiko arduradun Jose Antonio Imazek egunaren balorazio positiboa egin zuen, aparteko arazorik ez baitzen egon, larritasunik izan ez zuten bi eroriko izan ezik. Antolakuntza lanean 70-80 pertsona egon ziren, eta beroa zela eta, hornidura likidoa eta fruta eta bestelako elikagai freskoek hegan egin zuten. Partaideak gustura geratu ziren, eta egun polita izan zen.  

30. ediziorako prest
Aurten 290 partaide izan ziren zeharkaldian, orain arteko kopururik baxuena. Arrazoiak hainbat izan daitezke: betiko jendea erretiratzen ari dela, gazteek ez dutela probarekin bat egiten, bestelako kirol eskaintza, moda kontua... Egoera aztertu eta jendea motibatzen saiatuko direla adierazi zuten arduradunek. Izan ere, datorren urtean Altsasu BTT Zeharkaldiak 30 edizio beteko ditu, eta efemeride borobila modu berezian ospatu nahi du Barranka Txirrindulari Taldeak.