Nafarroako Parlamentuko Eskubide Sozialetako Batzordeko kideak Altsasura Biak Bat elkartea ezagutzera etorri ziren garagarrilaren 17an. Olga Chueca Chueca, Raquel Garbayo Berdonces, Maribel Garcia Malo, Miguel Garrido Sola, Oihana Gallo San Roman eta Javier Ollo Martinez parlamentariak egon ziren.
Elkarteko kide Josune Azpiroz Imazek esan zuenez, "garrantzitsua iruditzen zaigu jendeak gertutik ezagutzeko. Parlamentariei proiektuen azalpena egin diegu eta, ondoren, gure animaliak eta baratza ikustera eraman ditugu". Biak Batekoak hiru urte daramate okupazio zentroa pilotuarekin. "Sakanan bizi diren eta aniztasun funtzionala, buru gaitza edo halako behar bat duten pertsonendako eguneko zentroa bat sortu nahi dugu, arreta goiztiarra ematen duena. Sakanan Tasubinsa dago, oso metodologia zehatza duena. Gurea beste aukera bat sortzea litzateke. Pertsonak erdigunean jartzen duen metodologiarekin, animaliek lagunduta, naturan eta komunitatean bertan. Eta sakandar horiek Iruñera edo beste tokietara joatea ekiditeko", azaldu du Azpirozek.
Gaineratu du halako zentro bat sortzea ez dela hain erraza. Eguneko zentroa aurten martxan nahi zuten. Ezinezkoa izan denez, 2027an izatea espero dute. Egitasmoak aurrera egiteko, elkarteak parlamentariak gonbidatu zituen, Nafarroako aurrekontuak egiterakoan euren errealitatea kontuan izan dezaten. "Urtero dirua jasotzen dugu aurrekontuetatik eta urtero joaten gara azaltzera zer egin dugun diru horrekin", argitu du.
Parlamentariek ere Biak Baten Amalur terapia baratza bisitatu zuten. "Jendeak ulertzen du animaliek lagundutako terapiak zer eragina duen eta zein positiboa den. Baratzarekin eta naturarekin harremanetan egotea ere onura psikologikoak, emozionalak eta sozialak ditu. Orain sortu dugun bide horrekin naturak emozio ongizatean lagunduko digu. Animaliekin bezala, metodologia berria da haur, gazte eta adinduekin landu daitekeena. Sortzen ari gara", azaldu du Azpirozek.