Sakanako Mankomunitateak XXIV. Sakanako Triatloia antolatu du, Sakanako Triatloi Taldearen, Altsasuko Udalaren eta Nafarroako Triatloi Federazioaren laguntzarekin. Nafarroako Kirol Jokoen (NKJ) mailan edo kategoria txikietan jokatuko da. Iaz bezala aurten Altsasuko Dantzalekuko igerilekuek hartuko dute proba, uztailaren 18an, 10:00etatik aurrera. Igeriketa Dantzaleku igerilekuetan, txirrindularitza Dantzaleku zelaiko atzeko basoan eta atletismoa Dantzalekuko atletismo pistan gauzatuko dira.
Benjaminek, kimuek, haurrek, kadeteek eta juniorrek parte har dezakete Sakanako Triatloian. Izena ematea zabalik dago uztailaren 13ra arte, dohainik, Rockthesport plataforman.
Ordutegia
Uztailaren 18an 10:00etan abiatuko da juniorren eta kadeteen proba. Aurretik materialaren kontrola pasa beharko dute, 9:35etik aurrera. 250 m igeri (hamar luze), 5550 m bizikletan (zirkuituari hiru buelta) eta 1600 m korrika (Dantzalekuko pistari lau buelta) osatu beharko dituzte.
Haurren mailako proba 11:05ean hasiko da. 200 m igeri (zortzi luze), 5550 m bizikletan (zirkuituari hiru buelta) eta 1200 m korrika (pistari hiru buelta) egin beharko dituzte.
Kimuek 12:00etan ekingo diote probari. 200 m igeri (zortzi luze), 4000 m bizikletan (zirkuituari bi buelta) eta 800 m korrika (pistari bi buelta) izango dituzte aurretik.
Azkenak benjaminak izango dira, 12:40ean. 100 m igeri (lau luze), 2000 m bizikletan (zirkuituari buelta bat) eta 400 m korrika (pistari itzuli bat) osatu beharko dituzte.