Azken egunetako tenperatura altuak direla eta Altsasun baso suteak izateko arrisku handian dago. Hori dela eta, ekainaren 16ko 222/2016 Foru Agindua aplikatuz, Altsasuko Udalak bando bat onartu du, ekainaren 23an eta 24an, herrigunetik kanpo suak eta barbakoak egitea. Debeku horren barne sartzen dira baratzak. Gainera, edozein motatako material piroteknikoa erabiltzea erabat debekatuta dago egun hauetan.
Herrigune barruan debekua berdeguneei eta horietatik hurbil dauden espazioei ere aplikatuko zaie.
Bestelako oharrak
Udako solstizioaren ospakizuna suak piztearekin lotuta dago, eta suak kaleetako zorua ez hondatzeko, Altsasuko Udalak harea utzi du Pilotajauku, Amandrea, Zubeztia, Zelai, Intxaurrondo, Idertzagain, Amaia, Zumalakarregi eta Frontoi Zeharbidean. Udalak gaztigatu duenez, "ezin izango da surik egin aurretik hura egingo den tokian zorua arearekin babesten ez bada. Debeku horren helburua suak zoladuran kalterik ez eragitea da".
Aldi berean, udalak jakinarazi duenez, "ezin da surik egin ibilgailuen edota oinezkoen igarotzea ekiditen den tokietan, bai eta lur azpian aparkalekuak dauden eremuetan ere". Udalak gogorarazi du suak guztiz itzalita gelditu behar direla eta suaren ingurua garbi gelditu behar dela.
San Joan ospakizuna dela eta, altsasuarren artean ohitura dago gogoko pertsonaren etxean lizarra jartzea eta txipua gogoko ez den pertsonaren etxean. Abardiak dira. Horren inguruan Altsasuko Udalak gogorarazi duenez, "ezin izango zaio zuhaitzaren enborra berari eragin. Izan ere, azken urteotan zenbait kasutan benetako txikizioak egin dira, erabat onartezinak direnak eta tradizio horren iraupena mehatxatzen dutenak".