Esku artean duen erronkarekin, Bargagain 24, elkartasun pausoak, galtzak bete lan ditu Dantzaleku Sakana atletismo taldeko zuzendaritzak. Klubeko beteranoetako batek, Peio Bergara Garciak, "gazteek erronkari heldu izana eskertu" nahi izan du elkarrizketa hasi aurretik.
Zer antolatu duzue?
24 igoera Bargagaingo gurutzera 24 ordutan. 24 kolektibo lotu ditugu eta bakoitzak igoera bat eginen du.
Nolaz bururatu zitzaizuen halakorik?
Irune Pain Urteaga altsasuarrari buruzko erreportajea irakurri zuen Peio Bergara Garciak. Leuzemia aurre egiteko tratamendua hartzen ari zen gaztea. Bergarak zerbait egiteko ideiarekin etorri zen. Hasiera batean, ideia lasterketa bat egitea zen. Baina lasterketa pila bat daude. Eta zerbait oso ohikoa zela iruditzen zitzaigun. Zuzendaritzan zegoen beste neska batek proposatu zuen: "zergatik ez duzu zerbait desberdina egiten, parte hartzaileagoa? Igoko gara 24 alditan mendira?" Primerako ideia iruditu zitzaigun. Nahiz eta erronka den, uste dugu posible dugula antolatzea.
Noiz izanen da?
Garilaren 4an, larunbatarekin, 12:00etan hasiko da eta garilaren 5eko, domekako 12:00etan bukatuko da.
Zein da erronkaren helburua?
Adano elkarteari ikusgarritasuna eman nahi diogu, eta haien lana ere agerian jarri nahi dugu. Helburua ere bada herri eta eskualde guztia honetan "bustitzea" eta egun polit bat antolatzea. Eta, horretarako, ahalik eta kolektibo eta talde ugari elkartzea Adanok egiten duen lan horri ikusgarritasuna emateko. Kirolaren ikuspegitik, ekimena ez lehiakorra da. Helburua gozatzea da, besterik ez. Eta 24 igoerak egitea. Orduro talde bat abiatuko da mendirantz. Norberak igoera bere erritmora eginen du, ez dago ordutegi zehatzik horretarako.
Zer harrera izan du?
Oso-oso ona. Arrakastaz hiltzeko beldur ginen. Zuzendaritzan eta antolaketan jende gutxi gaude. Ideia plazaratu genuenean jende guztia, enpresak eta kolektiboak laguntzera animatu ziren. Ez genekien forma nola eman, nola batu kolektiboak, enpresak, tabernak, denda txikiak... "Nola sartzen dugu hori guztia 24 igoeratan", esaten genuen. Erronka handiena hori izan da, forma ematea 24 ordu horiei.
Nola egin duzue?
24 igoeretako bakoitzerako kolektibo edo pertsona talde bat lotu dugu. Enpresa handiek dirua jarriko dute eta, Korrikan egiten denaren antzera, igoera bakoitza babestuko dute. Horrela kolektiboak eta herriko eta eskualdeko hainbat egitasmok eta enpresek parte hartzea lortzen dugu. Tabernek eta denda txikiek beste modu batzuetara parte hartuko dute. Horretaz aparte, kultur egitaraua egonen da: dantza taldeak, txaranga, bakarlariak... Beraz, aldi berean, kirol eta kultur egitaraua izanen ditugu.
Geroz, txanda guztiak bete dira?
Bai, bai. Esan bezala, zailena egin zaiguna izan da bakarrik 24 talde edo kolektibo lortzea. Egitaraua, ordutegiak zehazten egon gara ondoren, bakoitzari gehien komeni zaion orduan jartzeko. Dagoeneko dena lotuta dago.
Zenbat parte hartzaile izanen dira guztira?
Galdetzen zutenean, kolektiboetako kideei erantzun genien: "gutxienez, bat. Gehienez, infinitua. Nahi duzuen guztiek parte har dezakezue". Badakigu kolektibo batzuetatik lauzpabost pertsona etorriko direla. Baina bakarren batek esan digu 50 inguru joanen direla. Horretaz aparte, herri igoerak egiteko tarteak utzi ditugu. Hala, jende guztia etortzera gonbidatu nahi dugu. Jakina, 24 igoeratako edozein igoeratan edonork parte har dezake. Hau da, kolektibo baten parte izan ez arren, igoera horretan parte hartzeko aukera izanen duzu kolektibo horren ordutegia zuretako egokiena bada. Geroz, igoerak ez daude kolektiboetako kideendako mugatuta. Bestetik, lagundu nahi dutenek dantzalekusakana.com/eu webgunearen bidez zero zenbakidun elkartasun dortsalak erosteko aukera izanen dute. Bost eurotan daude salgai.
Bargagainera nondik abiatuko dira?
Aurreneko igoera Foru plazatik abiatuko da. Gainerako igoera guztiak Irubide taberna-jatetxeko aparkalekutik abiatuko dira. Jabeak aparkalekua utzi digu egun horretarako. Handik abiatzeko guztia erraztu du. Eta azkenekoa han bukatu beharrean Foru plazan izanen du akabera. Guztia borobiltzeko, bai hasieran bai akaberan ekitaldi xume batzuk antolatuko ditugu. Esaterako, garilaren 4an, larunbatean, 11:30ean, hasiera ekitaldia eta omenaldia izanen dira. Eguerdian, aurreneko igoera abiatu ondoren, Sakanako dantza taldeen ikuskizuna izanen da. Arratsaldean, berriz, Irubideko terrazan disko jartzaileak izanen dira. Garilaren 5ean, domekan, azken igoera egin dutenei Irubiden harrera eginen zaie eta guztiok elkarrekin plazara igoko dira. Han, 12:15ean akabera ekitaldia izanen da. Beste ikuskizun batzuk ere lotzen ari gara oraindik.
Zer distantzia dago Bargagainera?
Foru plaza itsasoren mailatik 528 metrora dago, Bargagain, berriz, 1.156 metrora. Beraz, 628 metroko desnibela dago bi puntuen artean. Eta distantzia 4,2 kilometrokoa da. Igoera egiteko denbora mugarik ez dagoenez, presiorik gabe, bakoitza bere erritmora igo daiteke.
Jendea hori egiteko gai da?
Bai, bai. Edozein erritmotara egokituta dagoenez, familiak, kirolariak... edozeinek egin dezake. Egiten erraza da.
Eguraldiak baldintza dezake?
Gure hasierako beldurra euria zen. Egun hauetan gure beldurra beroa bihurtu da. DYAk eta Gurutze Gorriak ezin dute parte sanferminetako prestaketak egiten ari direlako. Hala ere, segurtasun dispositibo handia prestatu dugu: hiru mediku, sei erizain, lau osasun teknikari eta suhiltzaile boluntarioak. Milagroko babes zibileko kideek haien segurtasun baliabideak utzi dizkigute: hiru krisi motxila, lau ohatila eta osasun materiala. Orotariko ibilgailuak ere lotuta ditugu. Espero dugu ezer ez gertatzea. Zortzi orduko txandetan ariko dira segurtasunekoak, zerbait gertatuz gero, aurre egin ahal izateko.
Zuen "gurutze bide" horrek Altsasun zer arrasto uztea nahi zenukete?
Gure asmoa betetzea espero dugu. Hau da, Adano elkartea ezagutzen ez zuenak ezagut dezala, egiten duten lana ezagut dezala. Eta Bergarak esaten duen moduan: "kirolariak pribilegiodun jendea gara. Nahi dugunean eta nahi dugun bezala gure gogoko kirola egin dezakegu. Horregatik, orain egoera okerrean dauden pertsona horiei, gainera haur eta gazteak izanda, gure laguntza guztia eskaini eta animoa eman nahi diegu". Erakutsi nahi dugu guztion lan bat dela. Horregatik, Altsasu eta ibar guztia lotu nahi izan dugu. Zeren Sakanako hainbat taldek parte hartuko dute. Ibarraren zerbait izanen da. Sakanan elkartasunezko 24 ordu polit izatea nahi dugu".
Beste aldetik, esker ona
Itziar Urteaga San Romanek eta Javier Pain Santanok bi alaba dituzte, Maialen eta Irune. Azken horri joan zen urtean leuzemia antzeman zioten. Irunek 16 urte ditu eta, kimioterapia tratamendua jaso ondoren, ospitaleko tratamendua uzten ari da gaur egun. "Gauzak ongi, udan etxean hartuko du medikazioa", esan du Painek. Ondoren gaitzari jarraipena egiteko mediku bisitak egin beharko ditu. Iruneri tratamendua bukatzeko gutxi falta zaiolako, familia pozik dago.
Familiako lau kideak egon ziren Bargagain 24, elkartasun pausoak ekimenaren aurkezpenean. "Zer iruditzen zitzaigun galdetu ziguten, eta poz-pozik hartu genuen ideia. Adano ikusgarri egiten duen edozein ekimeni ongi etorria egiten diogu. Eta, gainera, Adanoren aldeko diru bilketa egiten da. Oso eskertuta gaude".
Urteagak esan duenez, "Adanok egiten duen lana izugarria da". Azaldu duenez, elkartean gizarte langilea, psikologoa eta gizarte hezitzailea dituzte. Ospitalean zaudela, aurreneko egunean etortzen dira elkartekoak eta zerbait behar dugun galdetzen dute. Egoitza badute, baina ospitalean aritzen dira. Eta ondoren, jarraipena egiten dute". Painek azaldu duenez, "egoera berri baten aurrean zer egin jakin gabe zaudela, erabat galduta, Adanokoek familioi babesa ematen digute. Haiek bidea zehazten diote, zer pauso eman dituzun azaltzen dizu gizarte langileak. Bai elkartekoek familiari laguntzen dute. Eta, jakina, gaixo dagoen haurrari edo gazteari ere". Urteagak azaldu duenez, "gizarte hezitzailearekin ia beti oso ongi pasatzen du. Psikologoa familia osoari arreta emateko prest egoten da".
Painek Adanoko boluntarioen egitekoa "oso garrantzitsua" dela nabarmendu du. "Ospitalean egun asko pasatzera behartzen zaituen gaitza da. Guri familiak lagundu digu, baina elkarteko boluntarioak konpainia egiteko daude, zure egitekoak egiteko denbora emateko... Nahikotxo lagundu digute". Bestalde, ospitaleko egonaldietan egoeran berean dagoen jende asko ezagutu dutela azaldu dute.
Nabarmendu dutenez, "elkartekoak oso eskertuta daude Altsasun antolatzen ari direnarekin. Aurkezpenean ezin izan ziren egon, baina igoeren egunetan bertan izanen dira". Urteagak elkartasun ekimenean lanean ariko da, segurtasun dispositiboan. Painek uste du igoeraren bat edo bi eginen dituela. "Horretarako motibazio handia dut, egia esan", gaineratu du.
Parte hartzaileak
"Suposatzen dut jende gehiago animatuko dela izena ematera"
Jose Migel Larrea Araña
Pentsiodunen mugimendua
Zergatik parte hartuko duzue?
Interesgarria da. Pentsiodunen mugimendukoei gizarte gaietan parte hartzea gustatzen zaigu. Ekimen egokia dela iruditzen zaigu.
Haur minbizi kasurik ezagutzen duzue?
Bai. Baita semea ere. Badakit zer den hori, bai. Horregatik motibazio berezia dut. Suhiltzailea naiz. Bizi guztia jendeari laguntzen egon gara. Orain ere bai.
Ekimenaz zer iritzi duzue?
Ados gaude. Suposatzen dut jende gehiago animatuko dela izena ematera.
Bargagainera jotzen duzue normalean?
Ez, baina mendian asko ibiltzen naiz. Egunero-egunero Urbasara igotzen naiz. Geroz, ez daukat arazorik ez igotzeko ez jaisteko.
Ordu batean igo daiteke?
Bai. Batez ere kontuan izan behar da zer tenperatura dagoen, bero handia dagoen, zein txanda tokatzen zaigun. Ordu batean igo, eta jaisteko ez dago inolako arazorik, ahal den bezala jaitsiko dugu.
Behin goian zer egiten duzue?
Mendia nire lekua da. Askatasuna sentitzen dut. Askotan bakarrik egote hori ongi etortzen zait.
Zer nahiago igotzea edo jaistea?
Igotzea gehiago gustatzen zait. Nire belaunak nahiko makal daude eta igotzea gustatzen zait.
Bidearen zein zati duzue gogokoen?
Azkeneko tontor horretan iturri moduko bat dago. Ez dakit nola dagoen. Urte batzuk dira hortik ez naizela pasatzen.
Zuen ahaleginak zer ekarpen eginen du?
Batez ere, Adano ikusgarri egin. Egiten ari dena plazaratzea.

"Tontorrera iristen naizenean ongi sentitzen naiz"
Juan Pedro Aritz Anso
Aitzkibil krosa
Zergatik parte hartuko duzue?
Dantzalekuko Sakanakoek ekimena eginen zutela ikusi eta taldeko Santi Agirreri jakinarazi nion. Ideia ederra zela iruditu zitzaigun, gainera etxetik gertu, eta parte hartzera animatu ginen.
Haur minbizi kasurik ezagutzen duzue?
Ez.
Ekimenaz zer iritzi duzue?
Halakoak egotea ona da. Mendian ibiltzea eta laster egitea gustatzen zaigu. Eta aldameneko herrian bada, primeran.
Bargagainera jotzen duzue normalean?
Santa Marinara igotzen gara, eta batzuetan Bargagaineraino joaten gara, bai.
Ordu batean igo daiteke?
Oso entrenatuta egon beharra dago horretarako. Hori elitearendako. Guk parte hartzearekin nahikoa dugu. Nik behintzat ez dut martxa estutuko.
Behin goian zer egiten duzue?
Tontorrera iristen naizenean ongi sentitzen naiz. Ez dakit zer den, baina sentipena ona da. Ez dakit adierazten zer den mendian nagoenean sentitzen dudana.
Zer nahiago igotzea edo jaistea?
Jaistea.
Bidearen zein zati duzue gogokoen?
Altsasutik Basaluzeko dorrerainoko tartea. Gainontzekoa aldapatsuegia da.
Zuen ahaleginak zer ekarpen eginen du?
Adanorendako ikusgarritasuna lortzea. Gure ahaleginarekin elkartekoek bere eguneroko lanerako babesa jaso dezatela.