Mediku batek bera ordezkatuko duen profesionala eskatu du

Guaixe 2026ko ekainaren 29a

Osasun publikoaren aldeko kontzentrazioa Altsasuko osasun etxean. ARTXIBOA

Aldi baterako lana utzi beharko du. Pazienteei eskaera bera egiteko eskatu die.

Altsasuko osasun etxean lau urte lanean daraman mediku batek jakinarazi duenez, arrazoi pertsonalengatik, aldi baterako lana utziko du hurrengo hilabeteetan. Bere pazienteei emandako konfiantza eskertu die eta bere lana hobekien egiten saiatu dela azaldu du. Gaineratu duenez, "Osasun sistema publikoaren defendatzaile irmoa naiz eta, bereziki, sistemaren oinarria den Lehen Arretarena". Azaldu duenez, "lana uzterakoan ni ordezkatuko nauen profesional bat izatea gustatuko litzaidake, merezi duzuen jarraipena eginen lizuekeena. Baina Lehen Arretako pertsonal eta gerentziatik diotenez 'profesional falta' dagoelako ez da ordezkorik izanen". 

Medikuak bere pazienteei eskaera egin die: "osasun segimenduan jarraipena bermatuko dizuen Lehen Arretako medikua izateko duzuen eskubidea duzue. Eska ezazue". Sendagileak azaldu duenez, "zuen arretari jarraipen segitua egitea da zuen osasunean eragina duena: zuen larrialdietarako bisitak eta ospitaleratzeak murrizten ditu, gaixotasun kronikoen maneiua hobetzen du eta gaindiagnosia eta gehiegizko medikalizazioa saihesten ditu". Azkenik, medikuak esan duenez, "osasuna ez dago bakarrik osasun sistemaren menpe, baina espero dut merezi duzuen kalitatezko Lehen Arreta emanen zaizuela".