Pilota

Ezkurdiaren arerioa Zabala izango da, Altsasun

Guaixe 2026ko ekainaren 26a

Ezkurdiak eta Zabalak 2024an aurretiazko San Fermin torneoko kanporaketa jokatu zutenean. JESUS GARZARON

Ekainaren 28an, igandea, San Ferminetako lau eta erdiko final laurdenetako partidak jokatuko dira, Burunda pilotalekuan. 

San Fermin Lau eta erdiko Torneoan Joseba Ezkurdia arbizuarra ekainaren 28an, igandea, sartuko da lehian, Altsasu Burundako frontoian, final laurdenetan. San Juan egunean Eibarren jokatu zen final zortzirenetako irabazlea du aurkari, Javier Zabala. Final zortzirenetan Zabalak Darioren kontra jokatu zuen Eibarren, eta errioxarren arteko partida lehiatu bezain ikusgarria tanto bakarreko aldearekin erabaki zen: Zabala 21-22 gailendu zitzaion Dariori partida oso gogorrean.

Ezkurdiak eta Zabalak, biek egon nahi dute Donostiako Atano III.ean jokatuko diren San Fermin lau eta erdiko txapelketako finalerdietan. Beraz, lehia oso gogorra espero da Burundan. Jaialdia 17:15ean hasiko da, eta lehen partidan Salaberriak eta Gaskuek Apezetxea II.a eta Erostarbe izango dituzte aurkari.