Foruzaingoak dispositibo handia zabaldu zuen Zumalakarregi plazako taberna batean ostiral arratsaldean, garagarrilaren 26an. Foru poliziak jakinarazi duenez, "altsasuarren kexei erantzunez" egin zuten dispositiboa, inguru horretan "eragozpenak eta droga kontsumoa" zegoenaren kexa jaso baitzuten". Tabernan sartu eta lokala miatzeaz aparte, foruzainak bezeroak ere miatu zituzten. Drogak atzemateko bi txakur ere erabili zituzten. Polizia batzuek egiteko horietan ari ziren bitartean, beste batzuk inguruan jarri ziren, jendea ez gerturatzeko. Izan ere, hainbat altsasuar bildu ziren tabernaren parean.
Sakanako Gazte Kontseilu Sozialistak (GKS) foruzaingoaren operatiboari sarekada deitu dio. "Makro dispositibo horretan dirutza xahutu ondoren, zabaldu zuten bideoan ez dute esaten ez zutela ezer opatu". GKSko kideek azaldu dutenez, "halakoek ez dute drogen trafikoarekin bukatzea bilatzen. Langileok jazartzea eta poliziaren aurpegi zuriketa dute helburu. Gainera, jakina denean, droga mugitzen dutenen kontra ez dutela ezer egiten".
GKSkoek gaztigatu dutenez, "azken asteetan hainbat pertsona gelditu eta miatu egin dituzte beraien azal kolorea dela eta". GKSeko kideek azaldu dutenez, "poliziaren presentzia ez da inoiz langileen aldekoa izanen. Arazoak konpondu ez, eta horiek sortzen baitituzte". Polizia jazarpena borrokatzeko deia egin du Sakanako GKSk.