Altsasuarrek festa egutegiko egunik kuttunetako bat ospatu zuten: San Pedro. Euri arriskuak zalantzak sortu zituen hainbat familia eta lagun kuadrillatan, baina asko eta asko izan ziren basora joan eta mahaia jartzeaz aparte, haima jarri zutenak, euriaz edota hostoetatik erortzen zen tantetatik babesteko.
Guztia jartzearekin batera, sua piztu eta gosaria prestatzeari ekin zioten. Batzuk mezara joan ziren. Elizkizunaren ondoren aurreneko zortzikoa kintoak dantzatu zuten. Ondoren gehiago etorriko ziren. Arratsaldean, ohikoa denez, alkateak dantzatu zuen aurreneko zortzikoa. Basoko plazan dantza egitera animatu zirenak asko izan ziren.
Udalak zilarrezko tazetan 250 litro ardo banatu zituen. Eta bazkaldu ondoren, ohiko puruekin batera, herriko armarria zuen festetako ttattarra ere eman zuen. Ohi bezala, Urdiaingo alkate David Oroz Alonsok ez zuen hitzorduan hutsik egin. Domekan Urdiainen gonbidatua izanen dena Javier Ollo Martinez Altsasuko alkatea izanen da.