Txirrindularitza

Kern Pharma, une oso kritikoetan

Guaixe 2026ko uztailaren 1a

Iker Gomez, Asturiasko Itzulian. KERN PHARMA

Babesle nagusiaren faltan, proiektuaren bideragarritasuna kolokan dagoenez, txirrindulariei beste taldeekin negoziatzeko baimena eman diete. Iker Gomez Lopez de Goikoetxea txirrindularia eta staffeko kideak daude egoera horretan.

Kern Pharma txirrindularitza taldea ataka larrian dago. Babesle nagusiak, Kataluniako Kern Pharma enpresa farmazeutikoak, ez du gehiago txirrindularitza taldea babestuko, nahiz eta zazpi urteko ibilbidean taldeak emaitza paregabeak izan, joan zen urteko Vueltan, esaterako. 

Juanjo Oroz taldeko burua inbertitzaile eta babesle berriak lortzen ari da buru-belarri proiektuak aurrera segi dezan, baina, momentuz, ez da ezer lotu. Horregatik, Orozek txirrindulariei eta staffeko kideei beste taldeekin negoziatzeko baimena eman die, ezin dutelako egituraren etorkizuna bermatu. Egoera horretan dago, beraz, aurten Kern Pharmarekin profesional debutatu duen Iker Gomez Lopez de Goikoetxea altsasuarra. Ea txirrindularitzan bidea egiten jarraitzeko aukera duen.