Ualdera kaleko Nasuvinsaren etxebizitza sustapena "L" formako eraikin bat da. Beheko solairua eta hiru solairu ditu, eta guztira 21 etxebizitza, hiru motatakoak: logela bateko hiru etxebizitza, bi logelako bederatzi eta hiru logelako bederatzi. Bakoitzak auto bat aparkatzeko plaza eta trasteleku bana du garajean. Lanak aurki despedituko dira. Etxeak irailean emanen dituzte eta orduan sartuko dira hara bizitzera. Etxetako bat alokatu nahi dutenek Nasuvinsaren etxebizitza zentsuan izena eman beharra dute. Epea oraindik zabalik dago. Dagoeneko 242 eskaera daude.
Etxebizitza merkatu tentsionatu izendapena duten Nafarroako 21 herrietako bat da Altsasu duela urte batetik. Izendapenak hiru urteko indarraldia du. Etxebizitza kontseilari Begoña Alfaro Garciak gogoratu zuen Altsasurako neurri zehatzak dituen plana landu zutela udalarekin batera, "baina emaitzak ikusteko oraindik goiz da". Hala ere, "21 herri horietan alokairuaren prezioa %7 jaistea lortu dugu urte batean", jakinarazi zuen kontseilariak. Alfarok jakinarazi zuenez, aipatu izendapen hori ez da herri gehiagotara zabalduko. "Baina gainerako herrietako garapena aztertzen ari gara, eta beharrezkoa balitz etorkizunean izendapen gehiago egiteko".
Negoziazioa
Jasotako etxebizitza blokearen aldamenean beste bat jasotzeko aukera du gobernuak. Horretarako epea bost urtekoa da. Nasuvinsa enpresa publikoko Etxebizitza Departamentuko zuzendari Berta Uriz Casacauk jakinarazi zuenez, Altsasuko Udalarekin harremanetan daude. "Bi erakundeen artean adostu beharko dugu etxebizitza eraikin berriaren erregimena zein izanen den". Alfarok irailean jakinarazi zuen udalaren aldameneko partzelan 20 etxebizitza eraikiko direla. Orduan jakinarazi zuenez, "20 etxebizitza horiek kooperatiba bati egindako erabilera lagapeneko erregimenean eraikiko dira". Urizek zehaztu zuenez, "guk udalari proposamen hori egin diogu, baina oraindik ez dago erabakia hartuta. Baina bien artean adostu beharko dugu". Urizek esan zuenez, "niretako gakoa etxebizitza tipologiak nahastea da. Hauek alokairuzkoak dira. Besteak beste etxebizitza profil eta erregimen batekoak izatea interesgarria litzateke". Gaztigatu zuenez, "kolaboratiboan adinekoak eta gazteak egotea gakoa da niretako, elkar laguntzen dutelako". Jakinarazi zuenez, "etxebizitza kolaboratiboa oso interesgarria da dirulaguntza oso handiak daudelako kooperatibistendako. Etxebizitzen prezioa nahikoa neurrikoa da. Eta etxeen zaharberritzean Nasuvinsak laguntza ematen duen bezala, etxebizitza kolaboratiboen sustatzaileei ere laguntzen diegu Nasuvinsakoek".
Bestetik, Urizek beste gai bat dute mahai gainean udalak eta Nasuvinsak: "kontratazio legearekin epeak luzatu egiten dira eta udalak egindako lur lagapena luzatzen dugun ere aztertu beharko dugu".
Enkantea
Altsasuko Udalak San Pedro A etxe multzoko 2. zenbakian duen etxebizitza (Gurutze Gorriak erabili zuena) enkante bidez saltzeko deialdia egin du. Beheko solairua eta beste solairu bat du etxeak, guztira 122 metro karratuko azalera. Udalak eraikinagatik 100.015,18 euro eskatzen ditu. Hura eskuratzeko interesa duenak bere eskaintzak garilaren 22ra arte aurkez ditzake.