Arabako korridoreko tren zerbitzuak Gasteizko festetan estreinakoz gaueko tren bereziak izango ditu aurten. Ibilgailu pribatua erabili nahi ez dutenen festetako joan-etorriak erraztu nahi dituzte neurri horren bidez. Agorrilaren 4tik 9ra bitartean, biak barne, bost zerbitzu berezi programatuko dira egunero. Altsasu eta Miranda artean hiru tren egongo dira, eta beste bi kontrako noranzkoan, Miranda eta Altsasu artean.
Arabako aldirietako zerbitzua martxan jarri zela urtea bete zen maiatzaren 30ean. Ordutik Altsasu eta Miranda de Ebro arteko korridore horrek 268.393 bidaia izan ditu, 2024an baino 71.699 bidaiari gehiago. Hau da, %36,4 igo da trenaren erabilera Arabako korridore horretan.