Minbizia duten haurrak laguntzeko elkartearen, Adanoren aldeko elkartasun ekimena hartu du Altsasuk asteburuan: Bargagain 24, elkartasun pausoak. 24 ordutan Bargagainera beste horrenbeste aldiz igo ziren hainbat eragileetako ordezkariak, 500 bat pertsona guztira. Ekimenak Adanoren aldeko diru bilketa egitea eta elkarte horren lana ikusarazi nahi zuen.
Adanoko kideek informazio eta salmenta mahaia jarri zuten Altsasun. Elkartearen logotipoa duten zapi urdinak asko ikusi dira asteburuan Altsasun. Antolakuntzak 750 egin zituen. Gainera, O dortsala 5 eurotan saldu zuten Dantzaleku Sakanaren webgunean. Elkarteko lehendakariorde Cristina Florenza Fuertes etorri zen. Berak esan zuenez, "kirol erronka bat baino gehiagoren lekuko izan gara 24 orduz. Ahalegina, adiskidetasuna, ilusioa, konpromisoa eta, batez ere, izugarrizko elkartasuna ikusi ditugu". Parte hartzaileei zuzenduta, esan zuen: "eman duzuen pauso bakoitza minbizia duten ume eta gaztetxoen eta haien senideen aldamenean eman duzue".
Ekimenaren txinparta Irune Pain Urteaga altsasuarren minbizia kasua izan zen. Akaberan gurasoak esker ona azaldu zioten antolatzaileei eta parte hartzaileek. Javier, aita, Bargagainera joan zen altsasuarretako bat izan zen. Dantzaleku Sakana atletismo taldeko kideak pozik zeuden guztia ongi atera zelako eta jendeak lagundu zuelako.
24 orduz
Mendira igotzen aritu ziren parte hartzaileak larunbat eguerditik domeka eguerdira. Herriaren eta Bargagainen arteko 617 metroak ibili zituzten, aldapa gora lehenik eta behera ondoren. Parte hartzaileak Irubide jatetxearen ondotik atera ziren. Basaluzeko dorrean antolakuntzak gunea zuen eta nahi zuenak han geldialdia egin zezakeen. Baita dorrea bera bisitatu ere. Handik Bargagainera jo zuten. Parte hartzaileek hiru guneetan talde argazki bana egin zuten. Parte hartzaileak lekuko batekin igo behar zuten mendi gainera. Halako hiru prestatu zituen Dantzaleku Sakana atletismo taldeak.
Horretaz aparte, Lagun Onak elkarteak Adanoren aldeko barra jarri zuen bere egoitzaren atarian. Zunba erakustaldia ere elkartearen egoitzaren parean egin zen. Gainera, Foru plazan Sakanako dantza taldeen eta Txorongo txarangaren emanaldiak izan ziren. Irubiden disko jartzaileak izan ziren. Eta azken igoeraren ondoren, Fandabilla fanfarrearen doinura parte hartzaile eta antolatzaileak plazaraino joan ziren.
Igoerak egin zituzten eragilek
Dantzaleku Sakana, Altsasuko Herri Ihauteriak, Aizkorri Kirol, Iker Kirolak, Ramos Industrial, Etorkizuna Dantza Taldea, Queso Albeniz, Iñigo Aritza ikastola eta Kukuerreka elkartea, Sakanako pentsionisten mugimendua, Altsasuko Peñak (festetako pankartarekin igo ziren), CBASK, Altsasuko rokodromoa eta Egubera gimnasioa, Aitzkibil lasterketako antolakuntza, Altsasu Auzolanean Eraikiz, Triku Trail antolakuntza, Altsasuko Gaztetxea, Altsasuko Mendigoizaleak, Suhiltzaileak, Gautxori taberna eta Trail Korrikalari gazteak. Gainera, larunbatean, 22:00etatik 00:00etara eta 01:00eatik 03:00etara igoera herrikoia izan zen.