Altsasuko Udalak, atzera ere, 'Altsasu mugitzen da' programa eskaintza egin du heldu den ikasturterako. Ur terapia eta taldeko ariketa fisikoa eskaintzak ditu programak. Aurrenekoa Zelandiko igerilekuan eginen da eta atzena gazte txoko ondoko gimnasioan. Batean eta bestean parte hartzen duten altsasuarren autonomia sustatu eta mendetasuna prebenitu nahi du programak. Horiek udal kirol azpiegiturak kudeatzen dituen Atabo SM enpresa publikoko teknikariek emanen dituzte.
Jarduera bereziki artikulazioetako mina (belauna, aldaka, eta abar) duten pertsonei zuzenduta dago, baita 70 urtetik gorakoei ere, egoera hauetakoren bat aurkezten badute: mugikortasun falta, indarra galtzea, makila edo eskorga erabiltzea, erorikoen beldurra eta autonomia galtzea. Halako egoerekin identifikatzen direnak parte hartzera gonbidatu dituzte.
Ordutegia eta lekua
Ur terapia astelehen eta asteazkenetan eginen dute, 12:30etik 13:30era, Zelandi igerilekuan. Taldeko ariketa fisikoa egiteko bi talde eginen dira eta aipatutako bi egunetan ariko dira, 09:45etik 11:00etara aurreneko taldea eta 11:00etatik 12:15era atzeneko taldea.
Izen-emateak
Izena emateko epea garilaren 13tik 17ra egongo da zabalik, plazak bete arte. Izena emateko, telefono hauetako edozeinetara hots egin daiteke: 948 012 012 (Nafarroako Gobernuaren telefono bidezko herritarrendako arreta), 948 468 343 (Altsasuko kirol bulegoa) eta 948 467 662 (gizarte zerbitzuak). Plazak mugatuak dira eta izen-emate ordenaren arabera esleituko dira.