Ikasleek natura eta kultura uztartzen dituen ibilbidea sortu dute

Guaixe 2026ko uztailaren 8a

Ikasleak eta irakaslea ibilbideko geldiunetako batean. UTZITAKOA

Sagrado Corazon ikastetxearen proiektuak, zientziarekiko interesa sustatzeaz aparte, Altsasuko eta inguruetako natura eta kultur ondareari balioa ematea zuen helburu.

Sagrado Corazon ikastetxeko DBHko 4. mailako ikasleek Harria eta Denbora ibilbidea sortu dute. Sortutako ibilbidea Orobeko harrobietan hasi eta ikastetxean bertan bukatzen da. Ibilbidean ikasleek sei geldialdi seinaleztatu dituzte: Orobeko harrobia, Orobeko kobak, metaliturri, Koskobiloko koba, Urbasako begiratokia eta Iturbedeinkatua. Puntu bakoitzean QR kode bat duen egurrezko kartel bat jarri dute ikasleek. Haien bidez hiru hizkuntzatan (gaztelaniaz, ingelesez eta euskaraz) dauden azalpen bideoak ikusteko aukera dago. Bideo horietan geologiari, florari, faunari eta toki bakoitzaren historiari buruzko informazioa ematen da. Guzti-guztia ikasleek beraiek egin zuten.

Natura eta kulturaren berri ematen duen ibilbidea diseinatzeko ideia zientzietako aukerako klasean sortu zen, ideia ekaitza baten ondoren. Irakasleek ohiko lan-dinamika aldatzea eta proiektu baten bidez ikaskuntza praktikoa sustatzea proposatu zieten ikasleei. Beraiek natur ingurunea eta tokiko historia hobeto ezagutzeko interesa azaldu zuten. Horrela sortu zen Harria eta Denbora ibilbidea.

Landutakoak
Irakasleek azaldu dutenez, "zientzia edukia ikasteaz aparte, ikasleek hainbat trebetasun garatu dituzte: ikerketa, talde-lana, komunikazio digitala eta ingurumenarekiko errespetua". Gaineratu dutenez, "neska-mutilek beren komunitatean aktiboki parte hartzea nahi genuen, eta inguruan dutena beste begi batzuekin begiratzen ikastea". Azaldu dutenez, "jakin-nahiaren eta ikaskuntzaren bidez iragana eta oraina lotzen dituen esperientzia hezitzaile, natural eta teknologikoa izan da". 

Ikasleetako batek esan duenez, "ikasteko modu desberdina eta dibertigarria izan da, ikertu, bideoak grabatu eta askok ezagutzen ez genituen lekuetan ibili behar izan dugulako". Batzuek eta besteek nabarmendu dutenez, "ekimenak ibilbidea osatu nahi duten altsasuar eta bisitariendako ikastetxea abiapuntu bihurtu du".