Otadiako kirol pista begiraden erdigunean

Guaixe 2026ko uztailaren 8a

Otadiko kirol pista.

Altsasuko Udalak inguru horretan kalistenia instalazioa jartzeko asmoak dagoen eran mantentzeko herritarren sinadura bilketa eragin du. 

Altsasuko Udalak, aho batez, Otadiko kirol pistan kalistenia instalazio bat jartzea onartu zuen garagarrilaren 24ko bilkuran. Gorputzaren pisuarekin ariketa fisikoa egiteko zirkuitua jartzeko 16.971 euro bideratuko ditu. 

Hainbat altsasuarrek Txiokako zelaia ez itxi lelopean Otadiako kirol pista bere horretan mantentzeko sinadura bilketa hasi dute. Eta horretarako paperak jarri dituzte Alde Zaharreko sei ostalaritza establezimendutan. Sinadura orrietan adierazi dutenez, "gaur egun dauden kirol instalazioak herriko haur eta gazteek orain arte bezala erabiltzen eta gozatzen jarrai" dezatela nahi dute. Hau da, "areto futboleko eta saskibaloi kantxa bere egungo erabilerarako mantentzearen alde" egin zuten, "herritarren aisialdirako eta kirolerako espazio gisa, eraiki zen helburuari eutsiz". Aldi berean, udalak aurreikusitako kalistenia zirkuituarendako beste kokaleku egoki bat bilatzea eskatzen dute, "inguruko bizilagunei sor dakizkiekeen eragozpenak ahalik eta gehien saihesteko".  


Kirol pistan ixtearen kontrako sinadura bilketaren berri ematen duen kartela jarri dute. 

Amandrea eta Santo Kristobarren kaleen artean dagoen zelaia 2005ean eraiki zen, hainbat kirol praktikatzeko. Udalak 2017an kirol kantxa jarri zuen, itxiturak, areto futboleko ateak, saskibaloi uztaiak eta baloiak ihes ez egiteko sareak jarriz. Horiek hautsi egiten zirenez, ateetan metalezko barrak jarri zituen udalak gerora. Pistaren hegoaldean sare altua jarri zuen udalak, baloiak aldameneko etxeetara ez iristeko. 

Udala
Javier Ollo Martinez alkateak argitu duenez, "Otadiako kirol anitzeko pista mantentzen saiatuko gara, baina horrek ez du esan nahi kalistenia instalazio bat prestatu behar ez denik; izan ere, instalazio hori ere eskatzen da, baina auzokoekin bizikidetza bermatu behar da. Instalazioari beste aukera bat emango diogu, baina guztiak gure alde jarriko ditugu". 

Jarritako materialak direla eta, udalak kirol pistaren erabilera 15 urte artera arte mugatu zuen. Gainera, gauetan auzokideekin arazoak saihesteko erabilera ordutegia ere jarri zuen udalak: 10:00etatik 23:00etara. Erabilera adina eta ordutegiaren berri ematen zuen kartela hainbatetan hondatu zutela nabarmendu du alkateak. 

Inguruko auzokideek esan dutenez, kirol pistan gauez biltzen direnek ez diete ez lotan ez atseden hartzen uzten. Ollok argitu duenez, kirol pista erabiltzen duten haurrak ez dira auzokideen kexak sortzen dutenak. "Argi dugu egoki erabiltzen duten haurrengan zelaia ixteak eragin litzakeen trabak", azaldu du alkateak. 

"Gomendatutako adina baino handiagoa duten eta, batez ere, ordutegi egokitik kanpo erabiltzen dutenak dira arazoa eta auzokideen kexak sorrarazten dituztenak". Alkateak azaldu duenez, 15 urte edo gehiagoko gazteek Dantzalekuko futbol 7 zelaia da "egokia, eta erabilera erabat librea du". Gaineratu zuenez, "beste aukera zoragarri bat Zelandi eskolako patioa litzateke. Baina 2024an egindako ekintza bandalikoek ikastetxean eragina izan zuten eta, horregatik, udalak patioa ixtea erabaki zuen. Pena". Azaldu duenez, "Burunda frontoiko tabernaren kudeaketa ematen bada, hura zabalik egonen da eta nolabaiteko kontrola egonen da, kirol azpiegituraren erabilera zuzena bermatzeko beharrezkoa dena". 

Bide batez, sinadura bilketa abiatu duten altsasuarren ekimena txalotu du. "Pertsonala gainditzen duten gaietan jendeak ekimena hartzea beti da ona, oso ona. Gero eta zailagoa da horretaz arduratuko diren pertsonak opatzea".