1000 GUAIXE

"Etorkizuna inkognita hutsa da"

Maider Betelu Ganboa 2026ko uztailaren 13a

Rafa Blanco Arbe, 'Raf Atxuri'. UTZITAKOA

Rafa Blanco Arbe, 'Raf Atxuri' 100. Guaixeko kolaboratzailea

1. Zer datorkizu argazkia ikusita?
Ez nuen zehazki kolaborazio hori gogoratzen, baina idatzitako gaiaren testuingurua oso gogoan dut. Euskaldunon Egunkariaren itxierak hautsak astindu zituen, Alberto Barandiaran bertan lanean zebilen, egun haietako zurrunbiloa, Donostiako manifestaldia... Egunkaria sortu eta lau urteetara jaio zen Guaixe, eta guretako Egunkaria erreferentea zen. Une horiek datozkit burura. 

2. Guaixen atera zinela bazenekien? Zerbait esan zizuten? Noizbait zerbait esan dizute?
Orain bezala, gutxik esango zidaten zerbait, baina beti izaten ziren zenbaitzuk zerbait esaten zutenak. Tarteka, "bai, irakurtzen ditut zure idazkiak!". Halakoak. 2007tik aurrera, Astekoa izeneko atalean, Raf Atxuri izenarekin sinatzen hasi nintzen. Lakuntzako Mercedes Lazkano zenak jarri zidan ezizena, "zu Rafa Txuri zara" esaten zidan. Raf eta Atxuri, horrela moztuta, hori da nire bigarren izena eta oraingoa Guaixeko nire kolaborazioetan.

3. Zer suposatu du Guaixek zuretzat?
Ba pentsa! 1000. zenbakia eta 32 urte hor nonbait. Gauza izugarri bat. Gainera oso sorkari dinamikoa izan zuen. Hasieran hilabetean behin ateratzen zen, eta gero begira nolako eboluzioa izan duen. Niretako ekoizpen izugarria da, Sakana kontatzen duena, Sakana osatzen eta egiten duena Aizkorbetik Ziordiraino. Espero dezagun Sakana osatzen eta aberasten segituko duela, eta, gainera, euskaraz.

4. Ondoren noizbait gehiago Guaixen atera zara? Zergatik? 
Dozenaka alditan, hasieratik kolaboratzaile bainaiz. Sakanako hainbat hitz ezartzen saiatzen naiz, baina, finean, Axularren eredua beti hor dago.

5. Nola ikusten duzu Guaixe etorkizunean?
Ba hori inkognita bat da. 32 urte hauetan izan duen eboluzioa eta bidea 10 urte lehenago ez genuen espero. Guaixe non zegoen, orain non dagoen, gizartea bera nola aldatu den eta teknologiak. Horren aurrean ezin dut etorkizuneko Guaixe irudikatu. Egun bagaude batzuek nahiko analogikoak garenak, edo analogikoa eta digitala nahasten ditugunak, eta badago beste belaunaldi bat guztiz digitala dena. Horren arabera, izango da, ez? Teknologiekin eta Adimen Artifizialarekin sortuko diren erronka berriak daude, baina ez dakit irudikatzen. Hemendik 10 urtera ez dakit nola izango den: paperak segituko duen, segitzen badu zein funtzio izango duen, edo gehiena pantailetan barrena jasoko dugun... Sortu zenean ere handik 5 urtera edo 10 urtera izango zena ere inork ez zekien, ezta? Dena ezin da programatu. Hemendik urte batera edo bira, bai, baina hortik aurrerakoa... Erronka berriak aurreikustea zaila da, baina espero dezagun Guaixek gizartean segituko duela, garaian garaiko beharrak asetzen eta Sakana kontatzen, beti ere. Eta euskaraz, zalantzarik gabe. Jarraiki grinan eta ahaleginean!