1. Zer datorkizu argazkia ikusita?
Ikusi eta pentsatzen duzu: hara, lehenengo Guaixean azaldu ginen, 1994.ean ezkondu ginenean, eta 10. Guaixean, 1995. urtean, Pello semea jaio zenean. Oroitzapen oso ona da.
2. Guaixen atera zinela bazenekien? Zerbait esan zizuten? Noizbait zerbait esan dizute?Ezkontzen, jaiotzen eta heriotzen atala goitik behera begiratzen genituen. Denak adi egoten ginen: hara, hau azaldu da! Garaian asko komentatzen zen (kar-kar). Guaixen atera ginela gogoan dugu, baina bereziki semeen jaiotza. Pellok, aldiz, ez zuen gogoratzen atera zenik.
3. Zer suposatu du Guaixek zuretzat?
Xenda argazki denda genuen, eta hasieratik Guaixen publizitatea jartzen genuen. Hilero publizitatea berritzen genuen; ezkonberrien argazkiak jartzen genituen, polita zen. Jendeak asko aipatzen zituen. Guaixen herrietako albisteak eta argazkiak begiratzen genituen, nor ezkondu zen, nor jaio zen, zorion-agurrak... garaiko txutxumutxuak. Ibarraren errepasoa egiten genuen Guaixerekin. Euskaldunendako ona zen, eta euskara ez genekienok, irudiak ikusi eta gainontzekoa galdetzen genuen.
4. Ondoren noizbait gehiago Guaixen atera zara? Zergatik?
Denda zela eta agian aterako ginen, edo agian ikastolari buruzko albisteren edo argazkiren batean.
5. Nola ikusten duzu Guaixe etorkizunean?
Etorkizunaz hitz egitea zaila da, baina oxala Guaixek etorkizun oparoa izatea. Guaixe ongi ikusten dugu. Papera beti bertan gelditzen da. Semeek gehiago digitalean irakurtzen dute, baina, hala ere, paperezkoak jarraitzea gustatuko litzaieke. Guaixek jarrai dezala, hori da opa dioguna.