Astekaria

Elkar zaintza taldeetako parte hartzaileak errepikatzeko prest

Alfredo Alvaro Igoa 2026ko uztailaren 22a

Conchi Inchausti Murua eta Arantza Mikeo Arraras.

Hamabostean behin elkartzen dira Teknoadineko programako taldeko kideak: Lekunberri-Larraungo taldeko kidea da Arantxa Mikeo Arraras eta Altsasukoa Conchi Inchausti Murua. Bi parte hartzaileak oso gustura daude eta ikasturte berrian jarraitzeko gogoz daude.

Bakardade ez hautatuari aurre egiten dio Teknoadineko programak. Elkar zaintza taldeak sortu zituzten Lekunberri-Larraun, Irurtzun, Etxarri Aranatz eta Altsasun. Lekunberri-Larraungo taldeko kidea da Arantxa Mikeo Arraras eta Altsasukoa Conchi Inchausti Murua. 

Inchaustik esan duenez, "niretako sorpresa izan zen. Eskutitz bat hartu nuen bilera baten berri emanez, agorrilean. Telefono bat zegoen eta hots egin nuen. Etxera etortzeko eskaintza egin zuen Oihane Armendarizek, eta hantxe egon ginen hizketan, gustura". Mikeok udalaren sare sozialaren bidez izan zuen programaren berri. "Senarra eta biok hasiera batean beharra duten pertsonak laguntzeko zela uste genuen. Baina ez, gure burua laguntzeko da: harremanak, sozializazioa, bakardade ez hautatuari nola aurre egin... 'Eta zergatik ez', esan genuen, 'momentu horretarako ere prestatu behar gara'". 

Lekunberri-Larraun eta Irurtzungoek aurreneko bilera Idoia Garziandiarekin egin zuten, Etxarri Aranazkoek eta Altsasukoek Armendarizekin. Biak Teknoadineko programako teknikariak dira. Parte hartzaileei azaldu zieten helburuak zein ziren, zenbat saio ziren, saio bakoitzean zer egin behar zen. 

"Oso gustura gaude. Oso lan onak. Beti gauza berriak. Niretako oso aberasgarria da"

Inchaustik azaldu duenez, "joan nintzen eta lehendabizikoan lauzpabost elkartu ginen. Momentu hartan ez nintzen konturatu zer izanen zen. Baina hurrengotik, primeran. Gero eta gehiago joan gara, mordoxka bat. Oso gustura gaude. Oso lan onak. Beti gauza berriak. Niretako oso aberasgarria da". 

Lekunberri-Larraunen otsailean hasi ziren. "Lehen bi saioak elkar ezagutzeko izan ziren. Konturatu ginen badagoela jende pila ezagutzen ez duguna. Eta zer gauza politak egin dituen jendeak... Bi egun haiek motz gelditu ziren". Dinamizatzaileek eraman izan dituzte gaiak bileretara: zaintza fisikoa, elikadura, gure bizitza nolakoa izan den... "Beti prestakuntzarako gaiak dira, dinamika politekin. Eta nahi genuena proposa genezakeen. Eta taldean hitz egiteko ez da asko behar. Konfiantzazko giroa sortu da. Badakizu nahi beste hitz egin dezakezula eta taldean gelditzen dela, ez dela kanpora ateratzen", azaldu du Mikeok. Inchaustik nabarmendu duenez, "nik nire lagun taldea dut, baina honekin beste bat dut". Mikeok argitu dutenez, taldeak 15 kideko muga du. 

Harreman gehiago 
Taldeen bidez lagunak egin dituzte, ate asko zabaldu zaizkie, eta jende gehiagorekin hizketatzeko aukera dute orain. "Hiru irteera egin ditugu eta horietan Irurtzungo eta Uharte Arakilgo taldeetakoak ezagutu ditugu", azaldu du Mikeok. Altsasukoak Iruñera joan ziren. "Eta gero astelehenetako paseo osasuntsuak jarri zituzten eta horietara joaten naiz. Kuadrilla ederra elkartzen gara. Bukatu ondoren kafetxo bat hartzera joaten gara. Batak bestea ekartzen du", azaldu du Inchaustik. Gaineratu duenez, etxe ondoan igandeetan elkartzen den kuadrilla du. Azkenekoan hamar emakumezko elkartu ziren. "Ni gazteena. 19:00etatik 21:30era egoten gara. Bestela etxean egongo ginateke. Oso beharrezkoa da. Bizi poza ematen du. Gaitzez hitz egitea debekatuta daukagu, kritika ere ez". Hamarkotean taldeko kide ez direnak ere badaude, eta bakarren batek astelehenetako paseoetan parte hartzen du. 

Harremanetarako: Irurtzun 613 13 64 48 (Idoia), Etxarri eta Altsasu 613 13 64 46 (Oihana)

Taldearen bidez jakin zuen Mikeok ibiltzera joateko talde irekia bazegoela Lekunberri-Larraunen, eta Whatsapp talde horretan izena eman zuten. "Elkar zaintza taldeko Whatsapp taldea irekita gelditu da eta hor nahi duguna proposa dezakegu. Esate baterako, batek proposatu zuen Iruñera su artifizialak ikustera joatea, besteak Goldarazko azokara joatea, errezetak, senarren urtebetetzea aurki denez kafea hartzera geldituko gara... Nahi duguna proposatzen dugu. Eta kalean ikusten garenean beste modu batera ikusten dugu elkar," gaineratu du Mikeok. 

Biek antolatzen direnen berri inguruan ematen dute, "hala ere, pauso hori ematea kostatzen zaie. Baina ongi goazela uste dut". Mikeok nabarmendu duenez, esperientzia "espero baino politagoa izan da. Oso pozik nago". Taldeak Inchaustiri lagun asko egiteko balio izan dio: "ezagutu bai baina sekula hitz egin ez dugunekin, egunak pasata, gauza askotarako lagunak dira". 

Erlazionatuak