Iruindarrek festetako txupinazoa larrialdi zerbitzuak piztea erabaki zuten.
1. Sakanako sustraiak dituzu, ezta?
Ama Andaluziatik egunak zituela iritsi zen Altsasura. Aita ez zen Olaztin jaio, baina gaztetik bizi izan zen bertan. Orain ez noa hainbeste; gaztetxo nintzela aiton-amonekin udak pasatzera joaten nintzen. Bertako lagunak ditut eta San Pedro egunean Altsasun egon ginen beraiekin.
2. Nola izan zen Iruñeko sanferminetako txupinazoa botatzea?
Oso hunkigarria izan zen. Balkoira ateratzean ikusten dena oso harrigarria da. Telebistan ikusita neukan eta gazte nintzela plazan egon izan naiz, baina balkoira ateratzea eta hori guztia ikustea izugarria da. Bizitzan behin gertatzen zaizkizun gauza horietako bat da. Oso polita izan zen, egun oso berezia.
3. Noizbait txupinazoa botatzea irudikatu ahal zenuen?
Inoiz. Nola pentsatu behar duzu hori? Eta bat-batean ikusten duzu zure zerbitzua hautatu dutela eta zuk ordezkatu behar duzula! Sorpresa asko izan ziren.
4. Nolakoak izan ziren atera aurretiko minutu horiek?
Atera aurretik hiru ordu laurden inguru areto batean egon ginen lasai egoteko. Momentua iristean gizon batek esan zuen: ja! Eta balkoiko ateak ireki zituzten eta orduan plaza ikusi genuen. Momentu hori bai dela: wow.
5. Urduri jarri zinen?
Nerbioak aurretik zetozen. Hor zeuden. Egia esan, aurreko gauean lokartzea kostatu zitzaidan. 4:00ak aldera esnatu nintzen eta ezin izan nintzen lokartu.
6. Nola izan zen hautaketa?
Nire kidea, Clint Jean Louis, zerbitzu bateko burua da eta buru guztien artea bera aukeratu zuten. Gero langileen artean beste pertsona bat aukera behar zuten, eta hainbat pertsonak eman genuen izena. Lehenengo bozketa batean hamaika pertsona atera ginen, hortik bost pertsona atera ginen eta horretan ni atera nintzen, hurrengoarekin oso bozka gutxiengatik. Ez nuen espero San Martin Doktorea zentroan langile asko direla eta nik uste nuen zentro horretatik aterako zela. Baina ni atera nintzen.
7. Zer moduz joan dira sanferminak?
Aita zaintzen ari naiz, eta lan egin dute ere. Eguna eta eguna daude; egun batzuk festa, beste batzuk lana eta beste batzuk zaintza. Pixka bat denetarik.
8. Eta bizitzan zehar nola bizi izan dituzu?
Gaztea zarenean beste modu batean bizi dituzu; parranda gehiago. Ondoren, parranda eta festa handia da ere, lagunekin eta abarrekin, baina gehiago da bazkariak, arratsaldetan... Gauez ez gara hainbeste ateratzen. Azken urtetan egunez, lanarekin eta gurasoen zainketarekin tartekatuz. Sanferminak bizitzeko denbora dago beti.
9. Bertan lan egin izan duzu?
Nik Tafallan lan egiten dut eta Iruñean entzierroetan lan egin izan dut. Bertan lan egiten dutenek topera lan egiten dute; txandetan errefortzuak egiten dira. San Martin Doktorea zentroko larrialdietan, ospitale kanpokoak direnak, hirigunean dagoenez jende asko-asko artatzen dute eta errefortzu handia egiten dute. Periferian beste bat dago eta bertan ere jende asko hartzen dute. Hiru anbulantzia daude, Tafallan ditugunen antzekoak; bi 24 ordukoak eta bestea 12 ordukoa. Gero oinarrizkoagoak direnak ere daude. Tafallan gure ordutegiarekin jarraitzen dugu, eta errefortzua behar badute, deitzen gaituzte. Entzierroetarako bai elkarren artean banatzen ditugula.
10. Zer suposatzen du larrialdi zerbitzurako txupinazoa botatzeak?
Alaitasun handiarekin hartu genuen. Gure lanaren errekonozimendua da, ongi datorrela. Herritarrek bozkatzea errekonozimendu oso handia da. Sanferminetakoa oso lan zaila izaten da; badirudi berez hor dagoela, baian antolakuntza lan asko dago. Gauza asko pasatzen dira. Hirian horren jendetza handia batzen denean, gauza asko pasatzen dira: beroa, alkohola, sustantziak, liskarrak, erorketak, kolpeak, baita eraso sexistak ere.
11. Laster erretiratuko zara...
Nire azken sanferminak lan egiten izan dira, bai. Abuztuaren amaieran jubilatuko naiz. Ongi eramaten dut, 63 urte eta erdi ditut, eta 42 urte lanean pasa ondoren, erabakia hartu nuen eta erabakiarekin pozik nago.