Euskaltel-Euskadiko Txinako espedizioak balorazio gazi-gozoa egin du Asian egindako lanaz, Tour of Magnificent Qinghai proba jokatu berri dute, zortzi egunetako itzulia. Eguraldi aldakorra eta kaskarra izan dute bidaide, euria eta hotza, batez ere azkeneko egunetan. Kontuan hartuta 3000 metrotik gorako altueran ibili beharra zutela, eguraldi kaxkarraren eraginez seigarren etapa bertan behera geratu zen eta zazpigarrena murriztu egin zen. Jon Agirre zen lasterketako txirrindulari indartsuenetako bat, bosgarren etapa erabakigarrian kanporatu zutenera arte. Epaimahai Teknikoaren erabakiaren aurka helegitea aurkeztu du talde laranjak, zigorra bidegabea eta neurrigabea zela argudiatuta, baina ez zieten aintzat hartu. Nolanahi ere, talde laranja borrokan egon da bukaerara arte, eta azkeneko etapan ihesaldi saiakera egin zuen Iker Mintegik.
Tour of Magnificient Qinghain Jonathan Kleverrek (Wheeltop Rotor Chengdu) irabazi du (24:23:26). Euskaltel Euskadiko Mikel Bizkarra Top10ean sartzear egon zen baina 11. sailkatu zen, 7:10era. Iker Mintegik 53. despeditu zuen, 58:50ra.
Pablo Urtasun Euskaltel-Euskadiko kirol zuzendari urdiaindarrak txirrindulari laranjen jarrera txalotu zuen. "Ihesaldietan saiatu gara azken egunean, Iker Mintegirekin hasieran, eta Unai Aznarrekin gero. Helmugara begira, Sutton ahalegindu da, baina ez da posible izan. Hotz handia egin zuen bosgarren etapan eta lehen bosten artean sartzeko aukera galdu genuen. Bestalde, ez genuen gizon azkar bat esprintetan emaitza bat lortzeko. Jon Agirre aldapan gora indartsuenetakoa zen eta, tamalez, bidegabeki kanporatu zuten".
Poloniako hiruak
Txinako espedizioak geldialdia egingo du Polonian, egunotan hiru lasterketa dituztelako: Memorial Trochanowskiego, uztailaren 21ean, Dookola Mazowsza (2.2), hilaren 22tik 25era, eta Puchar Mon, uztailaren 26an. Bertan lehiatuko dira Iker Mintegi, Jon Agirre, Unai Aznar, Mikel Bizkarra, Samuel Fernandez eta Louis Sutton.