Uda Sakanan 2026

"Urpekaritza edo esnorkel egin gabe, itsasoaren erdia baino gehiago galtzen ari zara"

Erkuden Ruiz Barroso 2026ko uztailaren 31

Josu Rubio altsasuarra eta urpekari taldea itsasoan. UTZITAKOA

Itsasoaren egoera begiratu, eta baldintzak egokiak badira, urpekaritza egitera joaten da Josu Rubio Mendiluze altsasuarra.

"Beste batzuen artean, nire zaletasuna urpekaritza da". Asteburuetan edo "ahal denean", itsasoaren egoeraren araberakoa delako, badoa Josu Rubio Mendiluze urpekaritza egitera.

Hondarribia eta Getaria dira tokirik gogokoenak, gertuenak eta "ezagunenak" direlako: "Lasaitasuna ematen dizu ezagutzen duzulako; itsasoaren barruan oso erraz galtzen zara, basoan bezala. Igo zaitezke non zauden ikustera, baina hori ere oso arriskutsua da". Horregatik, Gipuzkoako bi herrietan "lasai" egoten da altsasuarra. Beste toki askotan egon da eta gustuko ditu, Mediterraneoan, esaterako, lekurik hoberena estatu mailan Gironako Medas Irlak direla esan du: "Horretarako prestatuta dago, erreserba bat dago...".


"Dirutza ordaindu behar duzu, gertu duguna ikusi  gabe? Nola da posible?"

Kantauri itsasoa, Mediterraneoa... Eta orain Kanarietako uharteetara joateko bidaiak egiten ari dira zaletasuna elkarbanatzen duten Sakanako urpekari talde batek: "Urte batzuk daramatzagu, hemengo talde bat, Irurtzun, Lakuntza eta Olaztikoren bat, lau elkartzen gara, eta Kanarietako uharteak banan banan egiten ari gara". Maldivak izaten dituzte jomugan urpekariak, "baina azkenean dirutza ordaindu behar duzu, gertu duguna ikusi gabe? Nola da posible?".

Kuban, 1992. urtean, zaletu zen Rubio urpekaritzara. "Lehenengo ibili nintzen itsasoan esnorkel egiten; ikastaro bat egiteko esan ziguten, eta harrigarria zen; itsasoaren hondoa primeran ikusten zen". Ikastaro pirata bat egin zuten, eta itzuli zirenean Hondarribira joan ziren egunean oso egoera desberdinarekin topatu ziren: "Ez zen ezer ikusten!". Iruñeko talde batekin eta olaztiar batzuekin hasi zen Hondarribira joaten, "hemen ingurunea gertukoena zen". Garai horretan itsasoaren egoera ezin zutela aurretik jakin esan du altsasuarrak, "orduan joaten ginen eta nola zegoen ikusten genuen". Mediterraneoa ezagutu zuenean "gloria" zela iruditu zitzaion.

Gutxi gora behera ordu eta laurden egoten dira itsasoaren azpian, "botilaren iraupena eta balore batzuk hartu behar dira kontuan". Denbora horretan ez dela ezer entzuten azaldu du Rubiok, "bakarrik uraren bor-borra entzuten duzu, lasaitasuna ematen du; flotatzen zaude".

Urpekaritza egiteko beti kide batekin egin behar da: "Batek bestea zaintzen du. Bestela, ezin da. Zerbait gertatzen bada laguntza behar duzu". Botila, txalekoa, neoprenoa, erreguladorea eta betaurrekoak behar dira urpekaritza egiteko. "Normalean botilak alokatzen ditut; asko okupatzen dute eta hori dena eraman behar badugu...". Neoprenoaren kasuan ere mota askotakoak daudela azaldu du Rubiok: "Udan ez da asko behar, baina badira negurako lodiagoak direnak eta lehorrak ere direnak; horiek oso garestiak dira".

"Semeari gomendatu nion eta nirekin egin zuen eta oso ongi ari zen, bi edo hiru aldiz jaitsi ginen. Erreserba batean geundela aprobetxatu nahi nuen eta bi jarraian egiteko esan nion, lehenengoa oso ongi joan zen baina bigarrenean zorabiatu zen". Txalupan joaten direnean zorabiatzea "normala" dela esan du, itsasertzetik hori ez da gertatzen. Jende askori gomendatu izan dio urpekaritza egitea: "Oporretara itsasoa duen toki batera joaten bazara, eta gutxienez esnorkel egin gabe itzultzen bazara, denbora eta dirua galtzea iruditzen zait". Itsasoaren erdia baino gehiago galtzea dela uste du: "Beste zati guztia dago ikusteko".