Osasun Publikoaren Aldeko Plataformak eta Komunitatea Ehuntzenek emanen diote hasiera festei

Guaixe 2026ko irailaren 1a

EH Bilduko zinegotziak: Juanjo Goikoetxea, Ainize Ibargutxi, Amaia Abudice eta Jesus Galartza. UTZITAKOA

Etxajua piztuko ardura EH Bilduko zinegotziei zegokien eta haiek "zerbitzu publikoen indartzea" sustatzen duten kolektiboei eskaini diete. 

Idatzita ez dagoen ohitura bati jarraituz, udalean ordezkaritza duten taldeen artean txandakatzen dute festei hasiera emateko etxajua pizteko ardura. Aurten EH Bilduri zegokion, eta erabaki du Komunitatea Ehuntzen eta Altsasuko Osasun Publikoaren Aldeko Plataformari ematea txupinazoa pizteko ardura ematea. Bi kolektiboetako ordezkariak izanen dira Gure Etxea eraikineko balkoian egonen den etxajua piztuko dutenak irailaren 10ean, osteguna, 12:00etan. 

Altsasuko EH Bilduko udal taldeko ordezkariek azaldu dutenez, "legegintzaldi osoan zehar egin dugun bezala, festak guretako funtsezkoak diren balio batzuk aitortuz has daitezen nahi dugu, herri bizigarriago bat eraikitzeko ezinbestekoak direnak". Horrekin batera, EH Bilduko udal taldeak gaineratu duenez, "festetan zaintza ere kontuan har dadin nahi dugu; Altsasun bizi garen pertsona guzti-guztion zaintza alegia. Izan ere, gu guztion zaintzarik gabe, hau da, talde zaurgarrienen eta herriaren beraren zaintzarik gabe, ezingo dugu gizarte hobe bat lortu". 

Aldi berean, EH Bildukoek "herrigintzaren balioa" nabarmendu nahi izan dute: "hau da, herria eraikitzen duen lanaren balioa; oinarritik eta komunitatetik egiten den lana, boluntarioen eta konprometitutako pertsonen sare batek bultzatu eta aurrera eramaten duena, auzokideei laguntzeko eta herriaren kohesioa indartzeko egiten dena".

Azkenik, EH Bilduko zinegotziek "festa inklusibo, feminista eta alaiak bizitzera eta gozatzera" dei egin dute, "errespetutik eraikitzen den askatasunean. Gure herria ordezkatzen duten balio antifaxistetan oinarritutako jaiak bizi ditzagun!"