Foruzaingoak ehunka produktu zeramatzaten hiru ibilgailu atzeman ditu

Guaixe

Foruzaingoa autoko maletategian opatutako produktuei begira. FORUZAINGOA

Poliziaren ustez Altsasu inguruan lapurtutakoak dira atzemandakoak. 

Foru poliziak jakinarazi duenez, elkarrekin egindako esku-hartze batean, Altsasuko polizia-etxeko prebentzio-patruilek, Trafiko eta Bide Segurtasuneko Automobilaren Delinkuentzia Taldeak, atzerriko matrikulak zituzten hainbat ibilgailu susmagarri atzeman zituzten. Geldiarazi zituztenean, autoetako bidaiariek bertsio erabat kontrajarriak eman zizkieten agenteei, beren ibilbideari eta jatorriari buruz.

Polizia dispositiboaren ondorioz hiru ibilgailu salatu ditu. Autoetako bat, gainera, ibilgetuta, mugitu ezinik, utzi dute poliziek. Izan ere, baja emandako matrikula plakekin zirkulatzen ari zen. Beste bi autoek ez zuten nahitaezko zirkulazio-baimenik.

Ibilgailuen erregistroan, agenteek lehen markako eta balio komertzial handiko ehunka produktu aurkitu zituzten maletategietan eta ordezko gurpilen hutsuneetan ezkutatuta. Atzemandako produktuak, batez ere, lurrinak, oinetakoak, kosmetika eta drogeriako gaiak ziren. Inplikatuek ezin izan zuten fakturarik aurkeztu, ezta salgaiaren legezko jatorria justifikatu ere. Gainera, lapurretak egiteko erabil daitezkeen hainbat tresna konfiskatu zituzten poliziek. Foruzaingoak zabalik du ikerketa, atzemandako produktuen jatorria argitzeko. Momentuz, poliziek ez dute inor atxilotu.