Iazko etenaren ondoren, bueltan da Altsasuko afizionatuen mailako Otadiko Kristo Deuna Pilota Txapelketa prestigiotsua. Aurtengoa txapelketaren 54. edizioa da, eta Pilotajauku klubak antolatu du, Altsasuko Udalaren eta hainbat babesleren laguntzarekin. Hiru mailatan jokatzen ari da: jubenilen lau eta erdian, promesen lau eta erdian, eta eliteen mailako binakakoan. Txapelketak bi finalerdi ditu, eta irailaren 13an festetan jokatuko den finala.
Lehendabiziko finalerdiak abuztuaren 29an jokatu ziren. Jubenilen lau eta erdian, Etxaniz gipuzkoarrak, Guillermo Mazo Torneoko txapeldunordeak, sekulako erakustaldia egin zuen eta 4-22 gailendu zitzaion Baleztena nafarrari. Promesen lau eta erdian, Sagastibeltza leitzarrak alde handiz hartu zuen mendean Igoa altsasuarra, 22-7. Azkenik, eliteen binakakoan, Irribarriak eta Goikoetxeak 22-13 hartu zituzten mendean Astiz eta Bernaola. Irribarriak eta Goikoetxeak ikaragarrizko hasiera egin zuten, 16-4 jarri baitziren aurretik. 10-1eko partzialarekin 17-13 hurbildu ziren Astiz eta Bernaola, baina Irribarriak eta Goikoetxeak arnasa hartu, eta bost tanto egin zituzten segidan, 22ra zuzenean iritsiz (22-13).
Bigarren finalerdiak, irailaren 5ean
Irailaren 5ean, larunbata, txapelketako bigarren finalerdiak daude jokoan Burunda pilotalekuan (18:00). Jubenilen lau eta erdian Paraguayo errioxarrak Anzizar nafarra izango du aurkari. Promesen lau eta erdia bi pilotari nafarren arteko lehia izango da, Olza Zabaletaren kontra. Azkenik, eliteen mailako binakakoan Egiguren eta Goiburu gipuzkoarrek Etxeberria gipuzkoarra eta Santesteban nafarra dituzte arerio. Partida borrokatuak espero dira.