Astekaria

Dantzalekuko irristaketa eta txirrindularitza pista berria, bidean

Maider Betelu Ganboa

Makinak lanean daude Dantzalekun, irristaketa eta txirrindularitza pista egiten.

Lanak berriki hasi dira eta enpresak hiru hilabeteko epea du pista bukatzeko.

Altsasuko Dantzalekuko igeriketa, futbol eta atletismo kirol instalazioei beste bat gehituko zaie: irristaketa eta txirrindularitza pista. Dantzalekuko hareazko futbol zelai zaharra zenean egingo da, futbol 7 zelai artifizialaren eta Dantzalekuko futbol zelai eta atletismo pistaren artean. Sakana Patin irristaketa klubeko eta Burunda Txirrindularitza Taldeko aspaldiko eskaria da, eta lanak hasi berri dira. Altsasuko Udalak Lakita enpresari eman dizkio pista egiteko lanak, 263.501,88 euroko aurrekontuan. Enpresak hiru hilabeteko epea du lanak bukatzeko. Aipatu lanekin batera futbol zelai zaharrean zeuden aldagela zaharrak, "bunker" ezinenarekin ezagunak, eraitsiko dira. Horretarako aurrekontuen moldaketa egitea onartu zuen Altsasuko Udalak azkeneko udalbatzan, 48.376,90 eurokoa, BEZ barne. Aldagela zaharren egoera tamalgarria da, eta segurtasunagatik hartu da eraikina eraisteko erabakia. Guztira, beraz, 311.877 euroko inbertsioa egingo du Altsasuko Udalak. Nafarroako Gobernutik 65.000 euroko dirulaguntza jaso da, Geroa Baik Nafarroako Aurrekontu Orokorrei egindako emendakinari esker. 

Denboraldi berrirako pozarren
Sakana Patinen eta Burunda Txirrindularitza klubean erabakiarekin pozarren daude. Ez da gutxiagorako. "Urteak daramatzagu pista eskatzen, Sakanan baldintzetan entrenatu ahal izateko, gaur egun Iruñera joaten baikara. Oso pozik gaude" nabarmendu du Sakana Patin taldeko arduradun Oscar Zamarronek. 

Enpresak lanak egiteko duen epea kontuan hartuta, aparteko arazorik gertatzen ez bada pista azarorako bukatuta egongo da. "Halako lanak delikatuak izaten dira, bihurguneetako peralteak eta asfaltatze finak ez baitira eguneroko lanak, baina espero dugu dena ongi joatea eta kalitatezko pista izatea". Izan ere, hori da garrantzitsuena, pista ohiko entrenamenduetarako eskuragarri izatea. "Ikasturte honetan pista errealitatea izango da, eta horrek klubari bizi asko emango dio, eta etorkizuna" argi du. 

Zamarronek gaineratu duenez, irailean denboraldiko bigarren zatiari ekin diote Sakana Patin taldean. "Txikienek udan festa izan dute, baina kimuekin eta infantilekin entrenatzen aritu gara, irailaren hirugarren asteburuan Espainiako Txapelketak dituztelako, eta urrian Liga Nazionala". Horren ondotik, Euskal Ligako lasterketak eta indoorren bat izango dute. 

Burunda klubeko eskola mailako txirrindulariendako pista berria entrenatzeko aukera paregabea izango da. 

Pista berriaren ezaugarriak
Pista berria 4.550 m2-ko lursailean jasoko da, eta Nafarroako Irristaketa Federazioak ezarritako baldintzak beteko ditu. Pistaren zabalera 6 metrokoa izanen da, eta horri arauetan ezarritako segurtasun eremuak gehitu behar zaizkio. 55,00 m-ko bi tarte zuzen eta 14,32 m-ko bi erradio kurba izanen ditu. Pistaren barne luzera 200 metrokoa izanen da. Tarte zuzenak pistaren %55 izanen dira eta bihurguneak %45. Peraltea duen pista da; tarte zuzenetan peraltea %0,10ekoa izanen da, eta %10koa bihurguneetan. Zoladura asfalto tapizagarria da, oso itxia eta homogeneoa; gainazal leuna du, kirola egiteko egokia. Bi aldeetan porlanezko zintarriak jarriko dira, eta euri urak biltzeko sareta.