Duela 25 urte Nafarroako zenbait udalek udan kaleko programazioa egitea pentsatu zuten; kalean egiteko arte eszeniko egokiena zirkua da. Herri horiek mankomunatutako programa baten bidez elkartu ziren eta zirku jaialdi bat antolatzeko dirulaguntza jaso zuten. Horrela sortu zen Más difícil todavía - Ezin zailago Nafarroako zirku jaialdia. Hortaz, aurten jaialdiaren 25. urteurrena da eta ospatzeko Spinish Circo konpainiaren Fins el Cel ikuskizunaren emanaldia antolatu dituzte egitasmoan parte hartzen duten bost herritan.
Abuztuaren 29an izan zen Altsasun Ezin zailago jaialdiaren geldialdia Fins el Cel ikuskizunarekin, Felipe Lezea Iortia kultur gunearen aurrean dagoen zabalgune izendatu berrian. Aurretik, Vianan izan zen (abuztuaren 28an), eta ondoren San Adrianen (abuztuaren 30ean). Aurtengo jaialdia oraindik ez da amaitu, eta gaur, irailak 4, ostirala, Tuteran izanen da, eta bihar, irailak 5, Uharten. Urteekin ikus-entzule gehiago batu dira jaialdira, eta dagoeneko tradiziozkoa eta erreferentziazkoa bihurtu da. Altsasuren kasuan ere festaurrekoen egitarauaren parte bihurtu da.
Zirku karabana
Festibalaren ideia nagusia zirku ikuskizunena programa bera herri bakoitzean egitea zen, eta ideia horrekin 25 urtez jarraitu dute. Bi hamarkada baino gehiago hauetan kontaezinak dira bost herritatik pasa diren zirku konpainiak eta ikuskizunak. Urtero bi eta hiru emanaldiren artean izaten ziren eta garai bateko zirku karabana bailitzan Nafarroatik mugitzen ziren. Behin jaialdia herrian dela, plazak eta kaleak eszenatoki eta publikoaren eta artisten arteko topaketa bihurtzen dira. Aurtengo edizioan, 25. urteurrenaren ospakizun berezia egin dute, eta konpainia bakarrak parte hartu du jaialdian: Spinish Circo.
Zirkua eta arte eszenikoak uztartzen dituzten eta zirku garaikidea izan dira Ezin zailago jaialdiaren bereizgarriak. Bi hamarkada eta gehiago hauetan ideia berriak erakutsi dituzten goi mailako konpainiek parte hartu dute.
'Fins el Cel'
Ezin zailago zirku jaialdiaren 25. jaialdiaren protagonista Valentziako Spinish Circo konpainiaren Fins el Cel izan da, eta jaialdiaren helburuen adierazgarri da: zirkuaren elementuen bidez, ikuskizunak bideei, topaketei, ametsei eta besteekiko konfiantzarekin urrun iristeko ahalmenenari buruz hitz egiteko du . Konpainia 2019n sortu zuten, eta oinarrian zirku garaikidea dute, baita arte eszenikoetan lengoaia berriak ikertzea ere.
2025ean Fins el Cel ikuskizuna mustu zuten, eta emanaldian zehar gizakiaren bizitza prozesuaren espazio eta denboratik bidaiatzen du. Errusiar barra eta porte kolektiboak ditu oinarrian. Pau Portablle da zuzendaria, eta Cira Cabases, Naikel Blazquez, Victor Segarra, Edu Martinez, Cristobal Sandoval, Elena Ayala eta Gilberto Auban dira artistak. Akrobazien entrenamendua Citaly Motuzka eta Rafa Blancok gidatu dituzte, Itamar Glucksman begiradapean, eta koreografia Roseta Plasenciarena da. Musika eta musika zuzendaritza Gilberton Auban Gibertasticorena da.