Pilota

Otadiko Kristo Deuna Txapelketako beste finalistak, erabakita

Guaixe

Otadiko Kristo Deuna Txapelketa. ARTXIBOA

Paraguayo, Zabaleta eta Etxeberria-Santesteban gailendu ziren bigarren finalerdietan, garaipen sendoak lortuta.

Irailaren 5ean 54. Otadiko Kristo Deuna Txapelketako bigarren finalerdiak jokatu ziren Altsasuko Burunda pilotalekuan. 

Juniorren lau eta erdian Paraguayo VII.ak Anzizar izan zuen aurkari. Partida entretenigarrian zazpira arte parez pare aritu ziren bi pilotariak, baina, azkenean, Paraguayo errioxarrak 17-1eko aldeko partzialarekin partidaren jaun eta jabe bilakatu zen eta 22-11 hartu zuen mendean Anzizar. 

Promesen lau eta erdian, Olza eta Zabaleta lehiatu ziren nor baino nor. Ultzamako Zabaleta hasieratik gailendu zen. Sakez 8 tanto egin zituen eta markagailuan beti aurretik egon zen (0-6, 4-13, 6-19). Azkenean, Zabaletak 6-22 irabazi zion Olzari eta merezimenduz lortu zuen finalerako txartela. 

Eliteen binakakoan maila handiz jokatu zuten Egiguren-Goiburuk eta Etxeberria-Santestebanek. Hala ere, Etxeberria izan zen partida gidatu zuena eta gehien nabarmendu zena. Irurtzun klubeko Santestebanen laguntzarekin, hasieratik aldea ateratzen hasi ziren (1-11, 10-14, 11-21), azkenean 50 minutu iraun eta 311 pilotakada gurutzatu ziren partidan 11-22 gailentzeko. 

Finalak
Irailaren 13an Burunda pilotalekuan jokatuko diren finaletan (18:00), jubenilen lau eta erdian Baleztena eta Paraguayo VII.a lehiatuko dira nor baino nor; promesen lau eta erdian Sagastibeltza eta Zabaleta; eta eliteen binakakoan Irribarria-Goikoetxea eta Etxeberria-Santesteban.