Altsasuko festak direla eta, Itaiako kideek esan dutenez, "gozamenerako eta ondo pasatzeko egunak izateaz aparte, ezin dugu ez ikusiarena egin eta beste alde batera begiratu: jai-giroa gaur egungo gizartearen isla ere bada". Itaiako kideen nabarmendu dutenez, "emakumeok egunerokotasunean jasaten dugu indarkeria matxista, eta, gainera, matxismoa normalizatzen duten ideia atzerakoi eta erreakzionarioen gorakada begi bistakoa da".
Itaiakoek gaztigatu dutenez, "jai-giroan subjektibitate zapalduen aurkako erasoek gora egiten dute. Testuinguru horretan, biolentzia jarrerak guztiz justifikatuta eta normalizatuta daude. Altsasu ez dago errealitate honetatik kanpo". Horregatik, Itaiakoek "jaietan zehar erasoen aurkako protokoloa martxan jarriko dugu. Erasorik jasan baduzu edo testigu izan bazara, Jai Batzordearen espazioetako (Karpa, Txozna eta Gaztetxea) edozein barran laguntza eska dezakezu".