Altsasuko Udalak asteburuetarako gaueko autobus zerbitzua eskatu du

Guaixe

Autobusa Altsasuko geltokian. ARTXIBOA

Altsasuar baten eskariz udalak mozioa aho batez onartu zuen. 

Altsasuko Udalak, aho batez, Nafarroako Gobernuko Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko Zuzendaritza Nagusiari eskaera egin dio: Iruñea-Gasteiz autobus linean gaueko zerbitzuak eskaintzea. Araban halako zerbitzua badela jakinarazi zuen eskaera egin zuenak. Altsasuar batek udalari egindako eskaerari horrela bide eman zioten udalean ordezkaritza duten bi koalizioek.

Nafarroako Gobernuak linea horretako zerbitzua Burundesa enpresari kontratatu zion. Eskaera bete ahal izateko kontratu hori moldatu beharko litzateke. "Zeren kontratu horretatik kanpo dagoena, esaterako, sanferminetarako zerbitzua indartzea, konpainiak bere kabuz eta egoki jotzen duen kostura egiten du, ohi baino garestiago. Zerbitzu hori ez baitago diruz lagunduta", azaldu zuen Javier Ollo Martinez alkateak.

EH Bilduko Juanjo Goikoetxea San Roman esan zuenez, "mozioarekin lortu nahiko genuke autobus zerbitzua ematen den baldintzen eta ordutegien inguruko eztabaidaren premia agerian uztea. Zeren Altsasun gaueko autobusa eskatuko dugu. Baina beste herrietan zerbitzuaren inguruko eskaerak daude".