Udalak 425.183 euroko balioa duten lanak eman ditu

Guaixe

Ibarrea industrialdea berritzeko lanen lehen fasea eginen da. ARTXIBOA

Kaleak konpondu, seinaleztapena berritu eta Ibarrean hobekuntzak eginen dira

Altsasuko kaleetan hobekuntza lanak egiteko kontratua Xcava Obras y Servicios enpresak eskuratu du. Udalak 175.614 euro (BEZik gabe) ordainduko dizkio. Zehazki, Garcia Ximenez eta San Juan kaleen arteko bidegurutzeko eta Idertzagain kaleko asfaltoa berrituko du, 550 eta 2.200 metro karratuko azalera, hurrenez hurren. Garcia Ximenez eta Sorgingainbera bidegurutzean asfaltoa berrituko da (360 metro karratu). Gainera, Sorgingainbera kalean produktu irristagaitz kapa bat emanen dute (410 metro karratu).

Ameztia auzoan egindako harri lubetaren gaineko parteko asfaltoa ere berrituko du udalak. San Pedro bidea kaleko hornidura hodia berritu (165 metro) eta espaloia zabaldu eginen da, irisgarritasuna hobetzeko.

San Pedrorako bide kalean, Larrainbide Amandrea kaleen artean, espaloia aldatuko du udalak. Bestetik, Larrainbide kalean ur beltzen sarean kolektore berria eginen du. Azken lan horren helburua da hainbat eraikinetako ur beltzak kolektore horretara bideratzea. Kale berean espaloia berrituko da.

Gehiago
Kaleetako seinaleztapena berritzeko kontratua Api Movilidad enpresak eskuratu du 56.939 euroren (BEZik gabe) truke. Bere egitekoa 149 zebrabide eta bestelako seinaleztapenak berritzea izanen da. Gainera, Alde Zaharreko argiteria publikoa hobetzeko beste hogei argi jarriko ditu udalak. Lan horiek Telman enpresak eginen ditu 24.193 euroren truke.

Ondarria industrialdean hainbat berrikuntza lan egin ondoren, Altsasuko Udalak aurten Ibarrea industrialdean konponketak egiteari ekinen dio. Aurreneko fasean kolektoreak berritu eta ur gune sare bat eginen da. Lanak Xcava Obras y Servicios enpresak eginen ditu eta horiengatik 114.487 euro (BEZik gabe) jasoko ditu.

Bestetik, Idertzegain kaletik Altzania ibairantz abiatzen den bidea, Larruntza dermiora daramana, haren konponketa lanak irailaren 10ean hasi ziren. Bide hori faseka konpontzeko asmoa du Altsasuko Udalak. Lanen lehen fasea Naturex Obras y Energia, SM eginen du. Horien truke 53.950 euro (BEZik gabe) jasoko ditu.

Azkenik, udako oporrak baliatuta, Altsasuko Udalak Zelandi ikastetxe publikoan bi berrikuntza lan egin ditu. Alde batetik, Haur Hezkuntzako bigarren zikloko ikasleen portxeko teilatua berritu du. Lanak Almacenes Lastadik egin ditu 22.264 euroren truke. Beste aldetik, musika gela isolatu du udalak. Lan hori Reformas Portuk egin du 11.253 euroren truke.