Astekaria

Altsasuko festek Mastersa, Kristo Deuna, erremontea eta txirrindularitza dakarte

Maider Betelu Ganboa

Martin EarlyEzkurdia-Albisuk Larrazabal-Zabaleta izango dituzte arerio Mastersean. GAIZKA PORTILLO

Ezkurdiak eta Zabaletak Masterseko finalerdietako txartelagatik borrokatuko dute, Erremontari jardunaldia jokatuko da, Otadiko Kristo Deuna Txapelketako finalak erabakiko dira eta 97. Altsasu Txirrindularitza proba dago jokoan.

Altsasuko festetan kirolaren aldeko apustua egiten dute beti, eta aurten ezin zitekeen beste modu batera izan. Kirolaz gozatzeko aukera aparta izango da festetan, eta Burunda frontoia eta herriko kaleak izango dira kirolaren epizentro nagusiak. 

Erremontari Altsasun
Irailaren 11n, ostirala, eguerdian aizkora apustua antolatu dute Altsasuko Jai Batzordearen txoznan. Arratsaldean, ordea, Erremontari Herriz Herri txapelketaren barruan bi erremonte partida daude jokoan Burunda frontoian (17:30), Oriamendi Bizi Erremontea enpresak antolatutakoak. Lehen partidan Martixpe-Zubirik Goikoetxea V-Aiestaran VI izango dituzte aurkari hiru setetan erabakiko den norgehiagokan. Lehen bi setak 15 tantora jokatuko dira, eta hirugarrena 8 tantora. Bigarren partidan Ezkurra-Juaneneak Aldabe-Azpirozen kontra jokatuko dute aurreko partidako sistema berberarekin, hiru setera. 

Ezkurdia eta Zabaletaren lehia
Pelota Pro Ligak antolatutako CaixaBank Masterseko zazpigarren eta azken jardunaldia Altsasura helduko da irailaren 12an (17:00), eta gainera partida oso erabakigarria izango da, Ezkurdiak eta Albisuk, alde batetik, eta Larrazabal-Zabaletak, beste alde batetik, bina puntu dituztelako eta irabazten duenak Masterseko finalerdietan sailkatzeko aukera izango duelako. 

Izan ere, Masterseko sailkapena oso estu dago. Elordi-Mariezkurrena (4 puntu) eta Zabala-Iztueta (4 puntu) daude buruan, eta finalerdietarako txartela ziurtatuta dute dagoeneko. Atzean daude Artola-Rezusta (3 puntu) eta Larrazabal-Zabaleta, Laso-Martija eta Ezkurdia-Albisu, azken hirurak bina punturekin. Hain zuzen ere lau bikote hauen artean erabakiko dira finalerdietako beste bi tokiak, sailkapenaren behealdean dauden Altuna-Imazek puntu bakarra dutelako eta aukerarik gabe daudelako. 

Beraz, Altsasuko partidan emozioa ziurtatuta dago. Jaialdia zabaltzen duen partidan, Bakaikoa-Arangurenek Apezetxea II-Gaskueren kontra jokatuko dute. 

54. Otadiko txapelak jokoan
Iazko etenaren ondoren, irailaren 13an, igandea, Pilotajaukuk antolatutako 54. Otadiko Kristo Deuna Pilota Txapelketako finalak erabakiko dira (18:00). Jubenilen lau eta erdian Baleztena eta Paraguayo VII.a lehiatuko dira nor baino nor; promesen lau eta erdian Sagastibeltzaren eta Zabaletaren arteko lehia estua espero da; azkenik, eliteen binakakoan finalerdietan itxura ezin hobea eman duten Irribarria-Goikoetxearen eta Etxeberria-Santestebanen arteko dema.

Afizionatuen Altsasu Proba, Aurrera
Txirrindularitzak bi hitzordu nagusi ditu Altsasuko festetan. Batetik, irailaren 12an, larunbata, Altsasu Eskolarteko lasterketak erabakiko dira Zumalakarregi plazan (10:30), Burunda klubak antolatuta. 

Altsasu Kirol Elkarteak antolatutako afizionatuen mailako Altsasu Txirrindularitza Probak 97. edizioa beteko du irailaren 13an, igandean (10:00). Estatuko proba zaharrenetakoa da, eta urtetik urtera antolakuntzarendako zailagoa da antolatzea, boluntario nahikorik ez daudelako. Aurten, atzera ere, herritarren laguntza eskatu dute. 141 km-ko lasterketan Altamira zazpitan igoko dute txirrindulariek, lasterketa azkar eta bizian.