Iraileko lehen asteburuan Panticosa mendi korrikalarien bilgune bilakatu zen. Izan ere, Valle de Tena Trailean zazpi lasterketa jokatu ziren guztira, distantzia ezberdinetan. Tartean, zenbait sakandar lehiatu ziren Pirinioetako bihotzean jokatutako probetan.
Olatz Azazeta Pelaez altsasuarra (Aiaramendi korrikalariak) ikusgarri aritu zen Valle de Tenako ultra trail luzeenean, 8K proban (80 km, 6.820 m+). Proba ikusgarria osatzeko ia 17 ordu eta erdi behar izan zituen (17:28:44) eta hirugarren izan zen, Fatima Sanmartinen (15:58:43) eta Sabrina Solanaren (16:40:53) atzetik. Gizonezkoetan Aritz Sardina izan zen azkarrena (13:56:30). Ander Erice arbizuarra (Iradier) hamaikagarren izan zen (16:03:45), eta Patxi Rubio uhartearra (Aralar Mendi) hamalaugarren (16:07:57).
4K proban (42,5 km, 3.500 m+) emakumezkoetan Oihana Zubillaga izan zen lehena (7:03:19). Aizea Beraza irintarra (Aralar Mendi) zortzigarren sailkatu zen (8:47:30).
2K proban (20 km, 1230 m+) Javier Ballarin (2:08:00) gailendu zen. Julen Fuentes altsasuarra (Dantzaleku) hamargarren sailkatu zen (2:30:34). 1K proban (11 km, 620 m+) emakumezkoetan Ana Herasek irabazi zuen (1:14:33). Aralar Mendiko Ane Rubio bederatzigarren sailkatu zen (1:30:26) eta klub bereko Aran Larrañaga hamaikagarren (1:32:15).