Adinduak omendu zituen udalak

Guaixe

Herriko emakumezko eta gizonezko adinduek udalaren bisita jaso zuten. 

Altsasuko Udalak herriko adinduenak omentzeko baliatu zuen festetako azken eguna. Omendu bakoitzari lore sorta bana eman zien. Clara Olmedillo Aldasoro izan zen lore sorta jasotzen lehena. Agorrilaren 9an 101 urte ospatutakoa da, eta udalaren bisita senide eta lagunez inguratuta jaso zuen. Haurretan, oraindik eskolara joaten zela, 9 urterekin lanean hasi zen, brodatzen. 40 urtez brodatzailea izan zen. Modista ere izan zen. Hamabina urtez tindategi batean eta Isphording enpresan lan egin zuen. Azken horretan jubilatu zen. Domingo Castro Luna katalanaz maitemindu zen, baina ama 93 urterekin hil zen arte ez zen harekin ezkondu. Ordurako 60 urteak pasata zituen. Bartzelonan 22 urtez bizi izan zen, senarra 2010ean hil zen arte. Altsasura bueltatu zen bizitzera. 

Bigarren bisita
Joaquin Regales Sierrak azaroaren 11n 101 urte beteko ditu. Jubilatu elkartean lagunekin gosaldu ondoren jaso zuen udalaren bisita. Bere senideak ere han zeuden. Elkartea du bigarren etxea, eguerdian eta arratsaldean bertan izaten baita egunero. 

Madrilen sortua, bi hilabete zituela familia Escorialera joan zen bizitzera. Ama gaixotu egin zen eta Gredos mendilerroko Pedro Bernardo herrira bidali zuten, aitona-amonekin bizitzera, bizpahiru urteren ondoren Escorialera bizitzera bueltatzeko. Trenbideko langile familiakoa, 1940tik bizi da Altsasun. Hasieran geltokian bizi ziren. Baina 1957an Altzania kalean eraikitako pisura pasa zen familia. Han segitzen du bizitzen. Teodora Iza Huizi etxarriarrarekin ezkondu eta bi seme izan zituzten: Jokin eta Mikel. 

Renfen lan egin zuen, baina garai hartan gutxi kobratzen zenez, bi lanetan aritu zen Renfen eta Suarez anaien fundizioan. Hala eman zituen 20 urte, azkenean, fundizioaren alde egin zuen arte. Ondoren, eskularruak egiten zituen Ochoa de Eribe enpresan aritu zen lanean.