Txirrindularitza

Hugo Tapiz, Altsasu Txirrindula Probako garailea

Guaixe

Hugo Tapiz, helmugan. FINISHER

Lehen sakandarra Mikel Uncilla etxarriarra izan zen, hamaikagarren.

Irailaren 13an Altsasu Kirol Elkarteak antolatutako afizionatuen mailako 97. Altsasu Txirrindula Proba jokatu zen. Lasterketa estatuko beteranoetakoen artean sartuta dago, eta Nafarroako Trofeorako baliagarria zen azken proba zen.

Guztira 132 txirrindularik hatu zuten irteera, antolakuntzak prestatutako 141 km-ko probari aurre egiteko. Txirrindulariek zazpi aldiz igo zuten Altamira. Lasterketa oso azkarrean, denetariko erasoak izan ziren, baina tropelak guztiak zapuztu zituen. 

Altamira portua izan zen lasterketa erabaki zuena, azken igoeran Hugo Tapizek (Finisher) erasoa jo eta aurrera egin baitzuen. Solik Rural Kutxa-Aleako Cronje Beukes-ek jarraitu zion, baina ezin izan zuen Tapiz harrapatu eta Finisherrekoa iritsi zen lehena helmugara (3:12:20), segundo batera Beukes zuela (3:12:21). Frantziarra ikusgarri ari da, duela bi aste Gernikan gailendu baitzen eta egun bat lehenago Oñatin bigarren izan baitzen. Tropel nagusiko buru zetorren Rural Kutxa-Aleako Albert Rocak osatu zuen podiuma (3:12:22).

Mikel Uncilla etxarriarra (Rural Kutxa-Alea) hamaikagarren sailkatu zen, Aitor Ondarra lakuntzarra (Surne Bilbao) 26. eta Ekain Imaz altsasuarra (Finisher) 42.

Tartekako helmugen saria Joel Elian Moralesek (Torres-Sobato) irabazi zuen, eta mendiko saria Mateo Viergek (Grupo Eulen-Amenabar). 

Boluntarioei eskerrak
Felix Mazkiaranek koordinatzen du lasterketa. Boluntarioak lotzea kostatu zitzaiola aitortu zuen. Horregatik ere proba aurrera ateratzea zalantzan egon zen, udaberrian Erramuko Trofeoa arrazoi berberagatik bertan behera geratu eta gero. 57 boluntario bidegurutzeetan eta lasterketan barna egon ziren, eta beste sei autoekin. “Festetan gaude eta zaila da, baina ekitaldiak egotea nahi badugu, lagundu beharra dugu” azaldu zuen, eta “eskerrik beroenak” eman zizkien boluntarioei. Juan Mari Guajardo Vueltan zegoenez, Josetxo Bujanek egin zituen aurkezpen lanak.