Naiara eta Naroa Bergez ahizpak dira eta Mari Carmen Palomo ama da; Naiarak arte eszenikoak ikasi du eta zinema zuzendaritzan espezializatu behar da eta Naroak diseinu grafikoa ikasi du. Mari Carmeni duela gutxi sartu zitzaion arte eszenikoen zurrunbiloa, eta ate bat ireki zaio eta gustatzen zaiola ikusi du. Hirurek batera Bergez Audiovisuals & Arts zinema elkartea sortu dute ikus-entzunezko proiektuak aurrera eramateko. Lehenengo lana Dos Almas film laburra izan da.
Zer da Bergez Audiovisuals & Arts?
"Zinema elkartea hiruren batasun bat da; konturatu nintzen mundu hau gustatzen zaidala"
Mari Carmen. Hiruren batasun bat da. Naiarak arte eszenikoak ikasi ditu, dagoeneko bukatu du, eta praktikak kastin agentzia batean egin zituen. Agentzia hori Altsasuko Kaputxinoetan egon zen lanean eta Naiarak esan zigun ea zergatik ez genuen parte hartzen. Eta pentsatu genuen: "Zergatik ez?". Horrela hasi zen dena. Konturatu nintzen gustatzen zaidala. Orduan, Gradu Amaierako Lana prestatu behar zuen.
Naiara. Laugarren maila ikasten ari nintzen, graduaren amaiera, eta GrALa prestatu behar genuen; azaldu ziguten proiektua nolakoa izan behar zen eta film labur bat sortu behar genuenez, finantziazioa lortu behar genuen... Orduan, hori guztia lortzeko elkarte bat izan behar ginela konturatu nintzen eta amarekin eta Naroarekin hitz egin nuen, banekielako amari mundu hau gustatzen zitzaiola eta Naroak beti aurrera egiten duela guztiarekin, eta ekipo on bat osatzen dugu.
Naroa. Ni alde grafikoaz arduratzen naiz: kartelak, Instagrameko publikazioak, marketina kudeatzen dut... Pixka bat denetarik.
Naiara, zergatik ikasi zenuen arte eszenikoak? Zer moduz joan da?
Naiara. NAEE Nafarroako Arte Eszenikoen Eskolan ikasi dut eta lehenengo promozioa izan gara. Nik beti argi izan dut hau egin nahi nuela; betidanik arte eszenikoak ikasi nahi nituen, baina ez nekien oso ongi non eta hemen ez da horri buruz asko hitz egiten. Institutuan zientziei edo letrei buruz hitz egiten ziguten, eta gehienez teknologikoa, baina arteari buruz ez zegoen asko. Are gehiago, uste dut antzerkia egin zen azken urtea izan zela egon nintzenean. Orduan, batxilergoa egiteko Iruñera joan nintzen; arte eszenikoen batxilergoa egin nuen Plaza de la Cruz institutuan. COVID promoziokoa naiz, gainera. Gero, Xixonera joan nintzen ikastera urte bat, baina itzuli nintzen etxetik gertu egon nahi nuelako. Gurasoen laguntza izan dut beti; beti lagundu gaituzte. Gurasoei esan zioten zientziak egin beharko nituela, baina animatu ninduten bestea egitera.
MC. Irakasleak esan zidan burutik kentzeko arte eszenikoena zientzietan oso ona delako, eta aita informatikoa da eta zientziak egiteko esaten zion ere. Baina esan nion egin behar zuela gustuko zuena, bestela, ez zuela egingo edo egiten badu erdian utziko zuela. Azkenean aita ere konbentzitu zen, eta aurrera.
Familia artista duzue, Naroa artearen bidetik ere joan zinen.
Naroa. Bai, arte grafikoak.
MC. Artistak atera dira.
Baita ama ere?
MC. Bai, antza denez barruan zerbait zegoen eta ateratzen ari da. GrALa egin behar zuenean esan zidan film labur bat idatzi zuela eta nigan pentsatuz idatzi zuela. Nola? Eta esan zidan baietz, eta oso ongi egingo nuela. Zuzendaritza master bat egin behar du, oso zuzendari ona delako, pertsonaiarengana oso ongi eraman ninduen. Tartean banandu nintzen, urte gogorra izan zen, eta idazten hasi nintzen ere. Film bat idatzi dut eta Tabakaleran aurkeztu genuen. Beste film labur bat Nafarroa, zinema lurraldea programara aurkeztu genuen, baina ez dute hautatu. Azken orduko kontua da bilera batera deitu gaituztela. Horrela ari gara, pixkanaka. Autodidakta izan naiz, eta Tabakaleran esan didate datorren urtean aurkezteko.

Zenbat denboraz aritu zarete?
Naiara. Ikasketak lau urte izan dira, eta Xixonekoarekin bost. Amaren kasuan urrian urte bat egingo du.
Naroa. Produktorearekin gutxiago daramagu, martxoan hasi ginen. Jaioberria da oraindik.
MC. Ilusio handiarekin eta asko mugitzen ari gara.
Barruan zenutena atera da, ezta?
Naroa. Bai, gauzak espero ez dituzunean etortzen dira.
MC. Hori da. Gainera, ama eta alaben artean harreman batzuetan gauzak sortzen dira, baina lanean oso ongi egiten dugu elkarrekin. Elkarri animatzen diogu: "Baietz honekin ahal duzula; oso ongi dagoela...". Oso ongi ari gara.
'Dos Almas' film laburra. Nola sortu zen?
Naiara. Ideia berez 2016an sortu zen, Fragmentados filma kaleratu zutenean. Film honek nortasun disoziatiabo nahasmenduari buruz hitz egiten du, lehen nortasun aniztasuna bezala ezagutzen dena. Hau da, pertsona baten buruan bi nortasun baino gehiago daudela. Naroarekin filma ikusten ari ginela planteatu nion: Zer gertatuko litzateke, bitxikeria bezala, nortasunetako bat beste nortasun batekin maitemintzen bada. GrALaren proiektua aurkeztu behar nuenean ez nekien zer egin, ez nekien zer landu... Taldeka edo bakarrik egin genezakeen eta nik bakarrik egitea erabaki nuen. Eta ez nekien zer egin. Orduan, Naroak esan zidan: "Gogoratzen zara galdera hartaz....". Bai, gogoratu nintzen, baina hamar minututan kontatu behar zen dena.
"Nortasun disoziatiabo nahasmendua lantzen du; gai oso konplexua da"
Gai oso konplexua da. Psikologia asko dago atzetik. Galdera batetik sortu zen dena. Interneten nahasmenduari buruz informazio asko dago, eta zineman filmak egin dira, baina estigmatizatuta dago eta beti gaiztotzen dute; film ezagunetarikoa El club de la lucha da edo Fragmentados. Oso morbosak dira nahasmenduari begira. Baina sufritzen dutenek atzetik zauri bat dute eta horregatik adimena apurtzen zaie, nolabait esateko. Beraz, oso gai zaila da hamar minututan biltzeko. Valentziako klinika batean nahasmen honetan aditua den emakume batekin harremanetan jarri nintzen, Clara, eta berarekin hitz egiten egon nintzen. Horri buruz ez zelako ezer agertzen, hau da, bi pertsonalitate maitemin daitezkeen. Eta berak esan zidan baietz, normalean izaten dela. Azken finean, norbanakoak dira, eta norbanako desberdinen artean maitemin daitezke. Ama-alaba harremanak sor daitezke, arerioen arteko harremanak... Buruak behar duenaren arabera sortzen dira harremanak. Behar bat betetzen dute. Orduan, bere haurtzaroan zauritua izan bada, eta ez badu aita edo ama baten maitasunik izan, falta hori izango du. Film laburrean ama eta seme-alabaren arteko harreman horri garrantzia ematen diogu. Ama loturaren parte da.
Nolakoa izan da sormen prozesua?
Naiara. Dokumentazio lana zaila izan zen ez zegoelako informazio asko maitemintzeari buruz. Elkarrizketa asko ikusi nituen, liburuak irakurri... Denek hitz egiten zuten nolakoa zen bizitza nahasmen horrekin; norbanakoak dira eta horrela bizi dira, orduan, oso zaila da nortasun guztiak elkartzea. Kasuren bat badago, baina azken finean ez du nortasunetako inork hil egin nahi. Horri buruz asko hitz egiten da, baina haien arteko maitasunari buruz ez. Clararekin elkartu nintzen arte. Nik hasiera batean nahi nuen bi pertsona desberdinekin grabatu, baina eskerrak Sergio Milanekin hitz egin nuela, zinemagilea da eta nire interpretazio irakaslea izan zen. Gidoia eman nion eta esan zidan eskizofreniarekin konfunditu zezakeela kameraren bidez bi pertsonaia ikustean pentsa daitekeelako zerbait dutela, baina ez dakigu zer. Eta nola egiten dut orduan? Esan zidan La mariposa y la escafandra ikusteko; plano subjektiboan grabatuta dago. Hortaz, gure film laburra gehienbat plano subjektiboan grabatu dugu. Aktoreak bularrean kamara dauka, eta ez dugu kontatzen bi pertsonaia maitemintzen direla. Orain spoilerra egiten ari gara... Gidoia amaituta zegoen, baina niri gustatzen zait aktoreekin lan egitea eta aktoreak modu naturalean eta librean esatea gauzak. Zerbait idatzita egon daiteke, baina haiek modu naturalean esatea nahi dugu.
"Errodajea oso ongi egon zen, ongi eraman gintuen; laguntasuna oso ona izan zen"
MC. Errodajea oso ongi egon zen. Oso ongi eraman ninduen. Psikologoa ere zegoen, eta oso ongi egon zen grabazioa. Beste bi protagonistak aktoreak dira, eskolan ikasi dute. Oso ongi pasa nuen eta oso giro polita egon zen. Hasieratik arazoak izan genituen; hasiera batean lokalizazio arazoak izan genituen. Koinatak etxe zahar bat utzi behar zigun Ziordian, baina barrutik oso gaizki zegoen eta nire gurasoen etxeko txoko batera joan behar izan ginen, baina sabaiak txikiegiak ziren eta ez ziren kamerak eta gauza guztiak sartzen. Hamahiru bat pertsona bildu ginen eta oso ongi lan egin genuen. Ostiralean jantzi eta makillaje probak izan ziren, eta larunbatean goizeko lehen ordutik, ia gelditu gabe, grabazioa.
Naroa. Guztien artean elkar laguntzen genuen; laguntasuna oso ona izan zen.
Zer izan behar du zinema zuzendari batek?
Naiara. Galdera ona. Ez dakit. Berez ez da agintzen jakitea, baizik eta taldea eramaten jakitea. Taldea egin behar duzu, eta norekin lanean ari zaren oso argi izan behar duzu ere. Prest dagoen jendeaz inguratu behar zara; laguntzeko prest dagoena, behin eta berriz errepikatzeko prest dagoela... Gero ere ulertzea nire film laburra dela. Taldekideek eskolako jendea zenez, batzuetan ideiak sortzen ziren, eta beti esaten zidaten: zure film laburra da eta ideiak sortzen badira, azken hitza zurea da. Erabakiak hartzen jakin behar da.
Proiektua zein puntutan dago? Zein da hurrengo urratsa?
Naroa. Zinemaldira aurkeztu genuen, ikasleen kategorian.
MC. Momentu honetan standby dago ez zutelako aukeratu. 500 bat lan aurkeztu ziren. Naiarari beldurra ematen zion aurkeztea, eta esan nion: pentsa zenbat pertsonek ikusiko duten gure lana. Naroak lan izugarria egin zuen dossierra prestatzen eta eskatzen zutena bidaltzen, eta atzeko lan hori ikusiko dute. Naiararen zuzendaritza lana ikusiko dute ere, eta ni ere ikusiko naute. Hori da garrantzitsuena. Nazioartekoa da. Aurkeztea asko da.
Naiara. Jaialdiek aurkezpena gordetzen dute, hau da, aukeratzen bazaituzte ezin duzu aurretik aurkeztu, baina ez zutenez aukeratu guk estreinaldia Pixelarten egin genuen, Iruñean, eta jende asko etorri zen. Gero eztabaida sortu zen.
"Jende guztiak zerbait esateko zeukan; egiten diren gauzak eragina daukate gerora"
Naroa. Jende guztiak zerbait esateko zeukan: ama ona zela, gaiztoa... Azkenean, erakusten du pertsonek ez dutela bakarrik alde bat, eta bakoitzak bere bizitzan egiten duenak eragina duela gerora ere. Gu geunden hain ilusionatuta sortu zen guztiarekin...
MC. Oso ongi egon zen. Hainbeste lanaren ondoren, oso pozik.
Naiara. Ideia da jaialdietan mugitzea, kategoria desberdinetan erakustea, eta gure lana ikustea. Bada gai bat nahiko garrantzitsua, eta, azken finean, ez da horri buruz hitz egiten eta hitz egiten denean ez dute gai zehatz horri buruz ezer esaten. Orduan, ea aurrerago film luzea grabatzeko zortea edo aukera dugun. Hori bai landu daitekeela gehiago. Hamar minututan gauza asko uzten dituzu atzean. Film laburrean bi nortasun agertzen dira, baina gehiago izan daitezke.
Naroa. Tratatzeko zailena nortasun nahasmena ez ezik, nik uste hori nondik datorren, jatorria, dela interesgarria ere. Amaren rola eta seme-alabekiko duen harremana eta nola sortzen den guztia.
Beraz, oraindik kontatzeko baduzue.
MC. Lan handia gelditzen zaigu oraindik. Oporrak erditik egon dira eta oporrak behar genituen. Baina lana badago aurretik. Promozio lana eta abar. Super Hostel deitutako filmaren proiektua dugu ere aurretik, film luzea da. Ana de Albarekin online ikastaro bat egingo dut ere. Oasis telesailaren zuzendaria da, eta ikusiko dugu zer ematen duen. Nafarroa, zinema lurraldera Benditos abuelos deitutako proiektua aurkeztu dugu. Noski, oporretan egon gara, baina proiektuekin ere egon gara. Hiru proiektuek ez dute zerikusirik; Super Hostel komedia bat da eta Benditos abuelos aiton-amonak ohorean izateko proiektu bat. Hiru proiektuekin ari gara, eta aurrera eramateko helburuarekin. Naroak harribitxi ikastaro bat egin nahi du Madrilen, baina lanean jarraituko dugu ere.