Altsasuko festetan pilotak protagonismo handia izan zuen. Irailaren 13an Pilotajaukuk antolatutako 54. Otadiko Kristo Deuna Torneoko finalak jokatu ziren. 350 pilotazale inguru bildu ziren Burundan, giro ederrean.
Jubenilen lau eta erdian Leitzako klubeko Baleztenak ikaragarri jokatu zuen eta 22-6 hartu zuen mendean Club Najerinoko Paraguayo VII. 26 minutu iraun eta 118 pilotakada gurutzatu ziren partidan leitzarrak sekulako erakustaldia eman zuen, eta, tartean, sakez lau tanto egin zituen.
Promesen lau eta erdian Sagastibeltza (Leitzako) eta Zabaleta (Buruzgain) aritu ziren nor baino nor. Partida honetan ere sekulako nagusitasuna izan zuen Leitzakoko pilotariak. Leitzako klubetik beti loratzen dira adaxka gazteak, eta horren erakusle garbia izan zen Altsasuko torneoa. Sagastibeltza 22-8 gailendu zen, 35 minutu iraun eta 133 pilotakada gurutzatu ziren partidan. Lau tanto egin zituen sakez, eta Zabaletak bi.
Eliteen Binakako finalean azken orduko aldaketa izan zen. Irribarria lesionatu egin zen, eta azken orduan Larraun klubeko Nazabal gazteak hartu behar izan zuen bere tokia, Goikoetxearekin (Leitzako) bikotea osatzeko. Papeleta latza Nazabalendako, aurrez-aurre Etxeberria (Mundarro) eta Santesteban (Irurtzun) baitzituzten. 39 minutu iraun eta 217 pilotakada gurutzatu ziren partidan, Etxeberria eta Santesteban erraz gailendu zitzaizkien, 5-22.