Iruñeko Merkataritza Arloko 1 zenbakiko Auzitegiko epaileak errefusatu egin du Nafarroako sozietate bati Sunsundeguiko ondasunak zuzenean saltzea. Sozietate horrek lau milioiko eskaintza egin zuen, 3,6 milioi euro eraikinengatik eta 400.000 euro ekipamenduagatik. Eskaintzari uko egitearekin batera, epaileak erabaki du ondasun horiek enkante publiko elektroniko bidez saltzea. Haien hasierako prezioa aipatutako diru kopuruak izanen dira.
Sunsundegui enpresaren konkurtso administrazioak, Molins & Andres Abogados bulegoak, oniritzia eman zion lau milioiko eskaintzari. Gainera, lehen mailako hipoteka baten hartzekodunen adostasuna zuen: CaixaBank, Nafarroako Rural Kutxa, BBVA, Banco Santander eta Altsasuko Udala. Sunsundegui zenak guztiei 486.188,06 euro zor zizkien. Eta Cofides bigarren mailako hipoteka baten hartzekodun gisa 10.099.674,28 euroko zorra du kobratzeko.
Ukatzeko arrazoiak
Konkurtso administrazioak "oso positiboki" baloratu zuen jasotako eskaintza. Epaileak ondorioztatu duenez, jasotako eskaintzak "lehen mailako lau hartzekodun hipotekarioei sortutako zor osoa eta bigarren mailako hartzekodun pribilegiatuari sortutako zorraren zenbatekoaren zati bat estaltzen dituelako, eta, gainera, modu independentean saltzen diren elementuengatik 400.000 euro lortzeko aukera ematen du".
Epaileak nabarmendu duenez, "sozietatearen lau milioiko eskaintzak atxikita ditu industria proiektuak eta lanpostuak sortu eta ingurua biziberrituko dute". Jakinarazi duenez, aurretik egindako eskaintzak ez ziren formalak eta milioi euro ingurukoa ziren.
Hala ere, epaileak dio "3,6 milioi aldeek adostutako benetako garantiaren kopuruaren azpitik dagoela. Gaineratu duenez, Sunsundeguiko instalazioen balioa 7.777.881,48 eurokoa da 2025ko azaroaren 12ko txosten baten arabera. "Beraz, agerian geratu da eskainitako prezioa ondasunaren merkatuko balioaren %50 baino txikiagoa dela, eta, geroz, saltzeko baimena ukatu besterik ezin da egin, zuzeneko salmentarako eskatzen diren legezko baldintzak betetzen ez direlako".
Epaileak gaineratu duenez, "badira higiezina erosteko interesa duten beste batzuk eta kopurua handitzeko prest daudenak". Horregatik, enkante elektroniko publikoa agindu du. Enkantean ez da onartuko 3,6 milioiren azpiko posturarik.