Juan Mari Guajardo Arangizi aitortza polita egin zion La Vueltako zuzendaritzak irailaren 10eko etapa hasi baino lehen, aurten 30 edizio bete baititu speaker. Altsasuarra 1997ko Vueltan hasi zen hizlari, Lisboan, eta aurten Monacon hasi eta irailaren 13an Granadan bukatutako edizioarekin "izugarri" gozatu duela aitortu du. "30 urte, gezurra dirudi" zihoen Guajardok Vuelta despeditu berri Altsasura hurbiltzerakoan. Edozein ekitaldi aurkezterakoan eta La Vueltan, "jendeak ongi pasa, eta txirrindularitzaren esperientzia bizi dezala" du helburu Guajardok, Monica arreba bidelagun duela. Juan Marik dioen bezala, "lasterketetan ikusiko dugu elkar".