Torturatuen Sareak eta Egiari Zorrek osatzen duten Egiaren garaia da dinamikak jakinarazi duenez, Nafarroako Gobernuaren Errekonozimendu eta Erreparazio Batzordeak zazpi pertsona ofizialki aitortu ditu “giza eskubideen urraketen biktima” modura. Batzordeak aitortutako torturatuen artean Javier Agirrebengoa Bergara altsasuarra dago. Guardia Civilak 1974an eta 1978an torturatu zuen.Dinamikako kideek azaldu dutenez, Nafarroan dagoeneko 151 pertsona dira jada orain arte Foru Lege honen esparruan indarkeria politikoaren biktima bezala aitortutako pertsonak. Aitortza hori duten sakandarrak 21 dira, hau da, %12,90. Dinamikatik deia egin dute: "Nafarroan Estatuaren indarkeria politikoa jasan duten pertsona guztiak aitortza-eskaerak aurkeztera animatzen ditugu, eta izapideak egiteko laguntza behar duten pertsona guztiei laguntzeko prest gaudela berretsi nahi dugu". Jakinarazi dutenez, aitortza eskaerak aurkezteko epea heldu den urteko garilean despedituko da.
Balorazioa
Dinamikako ordezkariek azaldu dutenez, "ebazpen horiek pauso garrantzitsua dira estatu-indarkeriak gure lurraldean izan duen eragina agerian jartzeko, eta urte luzez ukatu edo isilarazi diren errealitateak aitortzeko". Nabarmendu dutenez, "aitortzak, memoria osoa oinarri izango duen etorkizuna eraikitzeko garrantzitsuak izan arren, kasu askotan ez direla nahikoak erreparazio osoa lortzeko. Oso garrantzitsuak bai, baina nahikoa ez, Iker Aristuren kasuak erakutsi digun bezala. Torturak ondorio larriak utzi dizkigu, berau sufritu dugun herritar askori. Sendatzen errazak ez diren zauriak, laguntzarik gabe sendatzen oso zailak diren zauriak".
Gaineratu dutenez, "Nafarroan eta Euskal Herri osoan Estatuak eragindako giza eskubideen urraketa larriak argitzen jarraitzea ezinbestekoa da, egian, justizian, erreparazioan eta ez errepikatzeko bermean oinarritutako etorkizuna eraiki nahi badugu". Aldi berean, "esfortzu berezi bat egin behar dugu, guztion artean, jendarte zibilaren eta instituzioen artean, irekita dauden zauri horiek, egun oraindik mina eragiten duten zauriak ixteko".
Aitortzak
Hildakoa
Mikel Arregi Marin lakuntzarra. Guardia civilek tirokatua 1979an.
Erasoak
Josu Imaz Prim altsasuarra. Bonba paketea jaso zuen 1981ean eta autoan bonba jarri zioten 1983an.
Tortura aitortzak
Mikeldi Diaz Aldama altsasuarra. Espainiako policia nacionalek torturatu zuten 2005ean.
Joxe Aldasoro Jauregi etxarriarra. Guardia civilek torturatu zuten 2010ean.
Florentino Beraza Gastesi irintarra. Espainiako policia nacionalek eta guardia civilek torturatu zuten 1981ean.
Santi Agirre Galartza iturmendiarra. Espainiako policia nacionalek bitan torturatu zuten 1980an. Guardia civilek torturatu zuten 1980an eta 1981ean.
Juanjo Agirre Galartza iturmendiarra. Espainiako policia nacionalek bitan torturatu zuten 1980an. Guardia civilek torturatu zuten 1980an eta 1981ean.
Manuel Azkagorta Agirre olaztiarra. Espainiako Polizia Nazionalak torturatua 1981ean eta 1984an.
Iban Verdugo Markotegi etxarriarra. Guardia civilek torturatua 1997an.
Xabier Flores Bengoetxea. Espainiako policia nacionalek torturatua 2005ean.
Polentzi Goikoetxea Barandiaran altsasuarra. Guardia civilek eta Brigada Politiko Sozialak tortutaratua 1980an.
Jon Patxi Arratibel Garziandia etxarriarra. Guardia Civilak torturatua 1997an eta 2011n.
Purificacion Galarza Ochoa lakuntzarra. Guardia civilek torturatu zuten 1979an.
Carlos Turumbay Andueza lakuntzarra. Identifikatu gabeko gorpuek bahitu eta torturatu zuten 1979an.
Avelino Gonzalez Fernandez altsasuarra, Guardia Civilak torturatua 1983an.
Josu Rubio Mendiluze altsasuarra, Espainiako Polizia Nazionalak torturatua 1984an.
Victoriano Lopez de Goikoetxea Bengoetxea olaztiarra. Guardia civilek torturatua 1981ean eta 1984an.
Ramon Lopez Cid altsasuarra. Espainiako Polizia Nazionalak torturatua 2003an.
Iñaki Urteaga Arduya bakaikuarra. Guardia civilek torturatua 2000an.
Gorka Urteaga Arduya bakaikuarra. Guardia civilek torturatua 2000an.
Javier Agirrebengoa Bergara altsasuarra. Guardia civilek 1974an eta 1978an.