Astekaria

Iortia, garaikidearen egoitza

Erkuden Ruiz Barroso

Idoia Rodriguez eta Adrian Herrera Iortian egon diren dantzariak.

DNA programaren barruan sormen erresidentzia egin du Idoia Rodriguezek.

Idoia Rodriguez eta Adrian Herrera dantzariak Iortia kultur gunean izan dira, irailean zehar, Threshold pieza lantzen. Proiektua Rodriguezen sormen lana da, eta Nafarroako Gobernuaren dantza garaikidea sustatzeko DNA programaren barruan egin dute arte egoitza Altsasun. Irailaren 25ean egindakoaren erakustaldia edo entsegu irekia egin zuten, Iortia kultur gunea; sarrera librea da. Lana sormen prozesuan dagoenez, publikoak egiten dituzten ekarpenak eskertzen dituzte. Idoia: "Eszena bakoitzean gertatu nahi dena zehaztuta daukat, baina erakusten duzun arte ez zara konturatzen zenbait gauzen inguruan; orduan, gerta daiteke orain erakustea, feedback-a jasotzea eta esatea: ongi, eseriko gara eta komentatuko dugu esan duten". Udaberrian ikuskizun osoa aurkeztuko dute, eta Altsasun izanen dira berriro. 

Rodriguez "betidanik" egon da dantzan. "Mugitzen nintzenetik hasi nintzen dantzatzen eta koreografiak egiten". Denborarekin Iruñerrian zeuden dantza eskoletara joaten hasi zen, 12 eta 16 urte bitartean. "Gero autodidakta izan naiz". Dantza urbanoan hasi zen, freestyle munduan garatu zen, "egin dut hip hop, locking, poping, breaking...", eta ondoren dantza garaikide arlora salto egin zuen. "Polita izan zen komunitate desberdinek zerbait eman didatelako, nire gorputzean eta sorkuntzan gelditu da nahasketa hori". 

Pandemia garaian eman zuen garaikidera saltoa: "Aurretik ikusi nuen freestylea ez zela nire arlo bakarra. Lehiaketa askotan parte hartu izan dut eta batzuetan gertatzen zitzaidan ez nuela besteekin konparatu edo lehiatu nahi. Denak desberdinak gara eta zerbait ekar dezakegu dantzara". Rafa deitutako lagun batek garaikidean sartu zuen, "eta maitemindu nintzen sentsibilitate desberdin horrekin". 

Dantzak asko eman diola esan du Rodriguezek: "Profesionalki garatzeko aukera eman dit, profesionalki handitzeko aukera". Jende "zoragarria" ezagutzeko aukera eman dio ere dantzak: "Ikuspuntu desberdinekin, sormen desberdinekin, sentsibilitate bereziekin... Azkenen, nirekin dagoen gauza horiek barruan ditut eta bizitzen ari dira". Dantzarekin ikusi ez dela bera bakarrik, baizik eta "esperientzia" askorekin garatu dela, "eta horrek eragina dauka nire barruan". Galdera asko sortu zaizkio ere. "Galdera filosofikoak, sortzeko momentuan ikuspuntu desberdinak eta, azkenean, produktu edo eszena desberdinak". 

Egoitza
Friburgoko dantza konpainia bateko kolaborazio batean Rodriguezek eta Herrerak elkar ezagutu zuten. "Fisikoki konektatu genuen; biok breaking egiten genuenez, aurretik txapelketaren batean kointziditu dugu, baina besterik gabe pertsona hori existitzen dela bagenekiela", azaldu du Herrerak. Proiektu horretan konektatu zuten eta bakoitzaren interesen inguruan hitz egiten hasi ziren, "konturatu ginen mugimendu aldetik bat egiten genuela ere, baita pentsatzeko moduan eta gauzak enfokatzeko moduan ere". Rodriguezek DNA egitasmoan parte hartzeko aukera aipatu zion, eta izena ematea erabaki zuten. 

Abuztuaren amaieran hasi eta gaur, irailaren 25ean, amaituko dute Iortia kultur gunean egindako arte erresidentzia. "Hasieran laborategia egin genuen, ikertzen nora eramaten gintuen aurretik aipatutako gaiak, hitz egiten eta proiektua sortzen". Ikertzen joan diren heinean inprobisazioetatik eszena zehatzak ateratzen zirela ikusi zuten, "haritik tiratu dugu eta hortik momentu zehatzak aurkitu ditugu. Orain, eszenak zehazten gabiltza, atmosfera, narratiba...".  

"Niretako DNA plataforma ezinbestekoa da", azaldu du Rodriguezek; bai hasiberriendako eta sormen prozesu batean hasiko direnendako "mundu hau nolakoa ikusteko", baita kontsolidatutako artistendako ere, "sortzeko espazio hauek behar dituztelako". Beste lengoaia bat eskaintzeko modu bat dela gaineratu du: "Beste sentsibilitate bat. Ikusle bezala beste alde horretatik istorio bat disfrutatzeko aukera ematen dizu. Behintzat zerbait sentitzea edo hausnartzera eramaten zaitu". Obrek beti ez dute zentzu edo hausnarketa bat behar aipatu du, "baina badago azaldu ezin duzun zerbait eta zugan zerbait aldatu dena". Garaiotako "azkartasun eta bat-batekotasunaren" aurrean, "esperientziak azkar batean bizi behar direla", DNA bezalako formatuek "esertzeko eta orainaldia bizitzeko" aukera ematen dutela gaineratu du dantzariak. "Beste lengoaia bat da musika, antzerkia, literatura... Industriala den horrekin banaketa edo tarte bat hartzeko aukera ematen dute".

Herrera Meridakoa da, Extremadura, eta DNA bezalako programak existitzea "garrantzitsua" iruditzen zaio. "Nire herrialdean ez dira programa hauek existitzen eta sortzeko arazo asko ditugu. Oso garrantzitsua da ez bakarrik diruz laguntzea, baizik eta banaketan". Egitasmoaren barruan, behin lana aurkeztuta, hainbat ikuskizun programatzen zaizkie: "Ez da bakarrik produkzioa egin eta gero hor gelditzen dela, programa honetan aukera ematen dizu zabaltzeko eta ikustarazteko". Rodriguezek azaldu duenez, horrek dakartza ere jendearen etengabeko feedbacka: "Emanaldien ondoren solasaldi txiki bat egiten da eta ikusten dugu zer sentitu duten, nola ikusten duten... Eta guk sortzaile bezala ikus dezakegu jasotako horrekin zer egin". 

Dantza garaikidearen barruan estilo asko batzen dira, eta Rodriguezek eta Herrerak "fusio" bat egiten dutela azaldu dute. Rodriguez: "Gure oinarria urbanoa da, eta ikusten da, baina ez dago azpimarratuta dantza urbanoa bezala. Batera bizitzen da garaikidearekin, antzerkiarekin, gestualarekin...". Sinergia oso bat ematen dela gaineratu du Herrerak, "garaikidetzen da". Lengoaia propio bat sortu dute, "dena nahasten dugu eta mugak difuminatzen dira". 

'Trheshold'
Herrera itsas fauna eta ekologian aditua denez, "fusio" bat egin dute bi munduen artean Trheshold sortzeko orduan. "Biok ere mugimendu antzekoak ditugu, eliptikoak, itsasaldien mugimenduaren antzekoa, olatuak...", azaldu du Rodriguezek.

"Emozioek ere nola gainditzen gaituzten aipatu nahi nuen, nola etortzen diren, eta ez dela inoiz zerbait establea". Hortaz, emozio bakoitza olatu batekin irudikatu dute, "horrelako zerbait dagoela ikusten ari gara". "Bi kontzeptuen arteko sinergiari buruz pentsatzen gelditzen zarenean, konturatzen zara pertsona batek transmititzen dituen emozioak olatuak bezala direla, ez dute patroi jakin edo bakar bat", gaineratu du Herrerak, "emozio berdina ez duzu beti toki beretik sentituko". Gainera, amaierarik ez dute. Idoia: "Itzultzen da, baina inoiz ez da berdina". Prozesuan ere gertatu dela esan du Herrerak. 

Hilabete honetan egindakoaren erakustaldia egin zuten irailaren 25ean, eta ondoren sorkuntza prozesuarekin jarraituko dute. "Datorren urtean, udaberrian, aurkezpena egiten da, eta emanaldien datak jartzen dira, ordurako lana amaituta egon behar da". Iortian aurkeztea espero dute.