Altsasuko azokan azienda erakutsi nahi dutenek dagoeneko izena eman dezakete

Guaixe

Jendea zaldi lehiaketan. ARTXIBOA

Sakanako herriren batean helbidea duten ustiategiek eman dezakete izena.

Altsasuko feriak lastailaren 16, 17 eta 18an ospatuko dira. Azken eguna azienda erakusleiho handia bihurtzen da Altsasu. Eta abeltzainek beraien animaliak Altsasun erakutsi ahal izateko, aurretik izena eman beharra dute. 

Zelai kaleak zaldi lehiaketa hartuko du. Hartan parte hartu nahi duten abeltzainek muga pare bat dituzte: ustiategi bakoitzean kategoria bakoitzeko gehienez 2 abere eta gehienez 5 buru egon daitezke. Lehiaketara, gehienez, 75 buru onartuko ditu udalak. Otadiako Kristo Deuna plazak, berriz, latxa ardien lehiaketa hartuko du. Udalak, gehienez, 30 ardi lote onartuko ditu gehienez. Zazpi buruz osatutako loteak izan beharko dute. Loteak bi eratara osa ditzakete artzainek: 6 arkume eta ar batekin edo 6 ardi eta ar batekin. Azkenik, Ferialeku kalean behi erakusketa egonen da, hogei buru egonen dira. 

Bestetik, Altsasuko ustiategietako jabeek beraien azienda aurkezteko aukera izanen dute. Esaterako, zaldi, behor, asto, pony, latxa arrazakoak ez diren ardiak, ahuntzak edo antzarak. Udalak gehienez hamar dieta ordainduko ditu. 

Altsasuko azokan parte hartu nahi duten abeltzainek irailaren 30era arte edo plazak bukatu arteko epea dute izena emateko. Horretarako izen emate orria behar bezala osatuta bidali beharko dute sakana@cederna.es e-posta helbidera. Udalak azienda eramaten duten abeltzainei buru bakoitzeko ordainketa eginen die. Altsasu.eus webgunean daude erakusketarako azienda mota bakoitzak bete beharreko araudia eta gainerako argibide guztiak.